Errebalerako dituen proposamenak gogoratu ditu Bilduk

0    Berriak, Eibar, Politika 
Ekhi
Errebalerako dituen proposamenak gogoratu ditu Bilduk
2018, Aza 08

Errebaleko proiektuak kapitulu berriak idatziko ditu laster (Udalak obren baldintzak zehaztu eta lizitaziora irtengo dira aurki) eta, PSEren kudeaketa txarra ezagututa, gai honen inguruan dituen proposamenak gogoratu ditu EH Bilduk gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Udalak bere esku dituen tresna guztiak erabili behar dituela adierazi du Bilduk eta, horretarako, “pleguak zaindu egin behar dira”.

2013an egindako parte-hartze prozesuan adostutako puntu nagusiak gogorarazi nahi izan ditu Bilduk, “PSE beraiez ahazten ari dela ematen duelako”. Zentzu horretan hainbat puntu azpimarratu ditu Bilduk. “Batetik, proiektuak baserritarrekin erlazio zuzena izan beharko du eta Rialton irabazitako ikusgarritasuna eskainiko dien espazio bat bermatuko zaie”. Horretarako Bildurentzat berebizikoa da Rialton dauden baserritarren postuak duintzea, eta aurki esku artean edukiko duten 2019ko aurrekontuan Rialtorako inbertsioak egin eta espazioa duintzeko partidak jasotzea ezinbestekoa dela iruditzen zaie, “batez ere lehen sektorea Errebal berrira indartsu joateko”. Euren ustez luze joango da oraindik Errebalgo eraikin berriaren sorkuntza eta, Rialton dauden baserritarren adina kontuan izanda, euren denda eta postuen tokia duindu eta bisibilizatu behar da. “Gainera, eurek eskatu digute, desesperatuta daudelako”.

Bigarren puntuan bertako produktuen eta produktu ekologikoen sustapena azpimarratu du Bilduk, eta Azpeitiko Plaza jarri du eredu. “Eibarren ere Elikagune bat sortzeko aprobetxatu behar dugu, 100 kilometroko itzulinguruan ekoitzitako produktuekin edo, gutxienez, bidezko merkataritzako produktuekin”.

Hirugarren puntuan Errebalgo espazioak belaunaldien arteko erlazioak sustatzeko izan dezakeen rola zehazten da, “erabiltzaile potentzialak familiak eta gazteak izango direlako batez ere”.

Laugarrenik, parte-hartze prozesuan programazio irekia duen espazioa aurreikusten dela azpimarratu du Bilduk. “Giza-sare eta elkarteen inplikazioa bilatuko da ekintzen eskaintza egonkor bat bilatzeko eta Errebal erreferente bilakatzeko asmoarekin”. Bildu kezkatuta azaldu da, uste duelako PSEk erabilera finkoa eman nahi diola Errebali. Euren iritziz agenda kultural amankomun eta propio bat sortzeko aukera emango duen espazio polibalentea sortu behar da eta, horretarako, “beste parte-hartze prozesu baten beharra dago”.

Hain zuzen ere parte-hartzearen jarraitutasuna bermatzearen beharra zehazten du Bilduk azkenengo puntuan. “PSEk ezin ditu aldebakarreko erabakiak hartu Errebalen inguruan. Eibar ez da euren kortijoa eta Errebal eibartar guztiona da”.

 

11 urteko kasua

EH Bilduko gogoratu duenez, orain dela 11 urte baino gehiago hasi zen Errebaleko arazoa. “2007an SPV Boulevard enpresari eman zion PSEk Errebaleko kudeaketa. PSE eta PNVren nahia zentro komertzial erraldoi bat eraikitzea zen. 2007an ere, presaka eta korrika, plaza bota zuten eta geroztik, Rialtoko alokairua ordaintzen du Udalak. Egun, 500.000€ diru publiko baino gehiago xahutu ditu PSEk alokairuan. Baina 2009an SPV Boulevardekin kontratua eteten da eta lurzorua berreskuratzen du PSEk, ariketa horrekin ere, 1.5 milioi euro diru publiko galduz. PSEk eta PNVk zentro komertziala eraikitzearekin tematuta jarraitzen zuten bitartean, EH Bilduk herritarrekin batera parte-hartze prozesua egitea exijitu zuen. Eta horrela egin zen 2013an. Parte-hartze prozesuan erabakitakoarekin, 2015ean, Dragados makroenpresak irabazi zuen obraren lizitazioa, baina, % 40ko prezio jaitsierarekin. 2 urtera, 2017an, Dragadosek ezin du hitzartutakoa bete eta kontratua eteten da”. Bilduren arabera, kudeaketa PNVk egingo balu, “egoera berean egongo ginateke”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »