Errugbiko emakumezkoen taldea mailaz igo daiteke domekan

Errugbiko emakumezkoen taldea mailaz igo daiteke domekan
2019/02/08 eta kitto!
Orain arte jokatutako partidu guztiak irabazita, Euskal Ligako fasea amaituko dute etzi Avia Eibar Rugbykoek Gasteizen; garaipen berri batek 2. B Mailan jokatzeko aukera emango die, martxoan eta apirilean ligan. Gizonezkoen taldeak Uribealdea talde indartsua hartuko du Unben egun eta ordu berean (domekan, 12:00etan).
Foballean, Eibarrek Sevillan izango du hitzordua domekan, 18:30ean, emakumezkoen talde nagusiak asteburu honetan atseden hartuko duen bitartean. Vitoria filialak neurketa zaila du, Racing liderra bisitatuko baitu etzi 17:00etan. Erregional Ohorezko mailako Eibar liderrak, bestalde, Añorgaren bisita jasoko du bihar 18:00etan.
Eskubaloian, 1. Nazional mailako Somos Eibarrek Uharteren kantxa bisitatuko du bihar arratsaldean. Senior mailako beste bi taldeek, bestalde, Ipurua kiroldegian jokatuko dute asteburu honetan, horiek ere bihar: emakumezkoen Eibar Eskubaloiak Munttarpe hartuko du 16:45ean eta Haritzak Labarra Pulpo 18:30ean.
Saskibaloian, Avia Eibar Saskibaloia bisitari izango dugu bigarrenez jarraian, oraingoan Mondragon Unibertsitateari aurre egiteko (domekan, 16:00etan). Ipuruan kadete eta mini mailetako partiduak izango dira etzi goizean.
Waterpoloan, Euskal Herriko 1. Mailako partiduetan, senior talde biek Irunen Bidasoa XXI izango dute zain bihar: emakumezkoen partidua 18:30ean hasiko da eta gizonezkoena 19:45ena.
Pilota arloan, afizionatu mailako neurketa interesgarriak izango dira gaur Astelenan, 19:00etatik aurrera, Eibarko Klub Deportiboko ordezkariekin.

ASTEBURUKO KIROL AGENDA OSOA ikusgai