"Hitzen nahaste-borrastea" lehiaketa antolatu du euskara zerbitzuak euskaltegiekin batera

"Hitzen nahaste-borrastea" lehiaketa antolatu du euskara zerbitzuak euskaltegiekin batera
2023/02/21 eta kitto!
Urtero bezala Eibarko Euskara Zerbitzuak euskaltegi biekin (Udal Euskaltegia eta AEK) lankidetzan lehiaketa antolatu du. Aurtengoak HITZEN NAHASTE-BORRASTEA du izena.

Lehenik eta behin, mezu barregarri, beldurgarri, erromantiko, erreibindikatzaile edo… asmatu behar da.

Idatzi gehienez pare bat lerroko mezua euskaraz  (25 hitz inguru) eta hitzak lekuz aldatu, nahastu.

Adibidea:

- Mezu zuzena: Komun ez binarioak nahi ditut. Nik ere eserita egiten dut pixa.
- Hitzen nahaste-borrastea: binarioak . nik egiten . ez komun ere ditut eserita nahi pixa dut

Parte hartu nahi duenak, asko jota,  2 lerroko mezua idatzi behar du euskaraz, eta ondoren berbak nahastu behar ditu adibidean bezala.

Mezua zuzen jarrita eta nahastuta (2 moduetan) helbide hauetako batera bidali behar da: euskaltegia@eibar.eus   eibar@aek.eus  euskara@eibar.eu. Mezuak aurkezteko azken eguna martxoaren 12a izango da.

Ondoren, aurkeztutako mezu ezkutu guztiak www.eibarko-euskara.eus web-gunean argitaratuko dira eta lehiaketaren bigarren fasea hasiko da. Fase horretan jendea mezuak deszifratzen saiatuko da.

Lehiaketan bi sari egongo dira:

- Epaimahaiak emandakoa hitzen nahaste-borraste originalena idatzi duenari
- Hitzen nahaste-borraste gehien zuzendu dituenari