“Baigorri eta Ortzaize Ibarretako Euskara” liburua eman du argitara Koldo Zuazo hizkuntzalariak

“Baigorri eta Ortzaize Ibarretako Euskara” liburua eman du argitara Koldo Zuazo hizkuntzalariak
2021/04/26 eta kitto!
Koldo Zuazo hizkuntzalariaren “Baigorri eta Ortzaize Ibarretako Euskara” izenburuko liburua kaleratu berri du Euskal Herriko Unibertsitateak. Sarako euskalkia aztertzen bost urte eman eta gero. Nafarroa Beherean beste bi urtez (2018-2020) aritu zen lanean Zuazo, eta egonaldi horren emaitza bildu du liburu honetan. Oraingo honetan Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara izan du aztergai. Nafarroa Behereko hego-mendebalean daude bi ibar horiek, Lapurdiren eta Nafarroaren mugan, eta hamaika herri dira bertan.

Zuazoren azken liburu honek atal nagusi bi ditu: gramatika eta hiztegia. Gramatikaren atalean inguru hartako euskararen egitura erakusten du, oinarrizko gertakariak. Hiztegiari dagokionez, oso oparoa dela nabarmendu beharra dago, 4.625 sarrera, 934 azpisarrera, 75 esamolde eta 35 esaera eta esaera zahar biltzen baititu: «Azken batean, gaur egun Nafarroa Beherean egiten den euskara ezagutzeko bitarteko egokia».

Iaz erretiroa hartu arte Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan da Koldo Zuazo eibartarra eta, honen aurretik, euskeraren eta batez ere euskalkien inguruko lan ugari eman ditu argitara:  “Deba ibarreko euskara” (Badihardugu Euskara Elkartea: 2006), “Sakanako euskara. Burundako hizkera” (Euskaltzaindia: 2010), “Arabako euskara” (Elkar: 2012), “Mailopeko euskara” (EHU/UPV: 2013), “Sarako euskara” (EHU/ UPV: 2018) eta, Urtzi Goitiarekin batera, “Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara” (EHU/UPV: 2016). “Mendebaleko euskara” liburuan (Elkar: 2017) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Deba ibarreko euskara erakutsi zuen, eta gaur egungo euskalkien ikuspegi orokorra agertu du beste bi liburu hauetan: “The Dialects of Basque” (University of Nevada, Reno: 2013) eta “Euskalkiak” (Elkar: 2014).

Euskara batua ere izan du aztergai: “Euskararen batasuna” (Euskaltzaindia: 1988), haren doktore tesia, eta Euskara batua. “Ezina ekinez egina” (Elkar: 2005). Bi gai horiek, euskalkiak eta euskara estandarra, eman ditu ezagutzera Routledge argitaletxe ospetsuak argitaratutako “Standard Basque and Its Dialects” liburuan (2019).

IAZKO URRIAN KOLDO ZUAZORI EGINDAKO ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURTZEKO HEMEN SAKATU.