Bihar pasatuko da Korrika Eibartik

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Bihar pasatuko da Korrika Eibartik
ETA KITTO 2019, Api 12

Euriari, elurrari eta haizeari aurre egin ondoren, Eibartik pasatuko da bihar 21. Korrika. Arratsaldeko eguzkiaren berotasuna nahikoa ez bada, egunean zehar herria jendez beteko duten ekintzek modu ezin hobean girotuko dute euskeraren festa, urte birik behin Euskal Herriko txoko guztiak euskeraren bitartez lotzen dituen antxitxiketaldia. Bi mila kilometro baino gehiago euskeraren alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.

 

Euskal Herriko Itzuliko txirrindulariei agur esan eta minutu gutxira sartuko da bihar Korrika Eibarren. Lehen lekukoa 14:55ean hartuko du Eibarko AEK-k Maltzagan eta Azitain, Barrena, Urkizu, Bittor Sarasketa, Errebal, San Juan, Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria, Untzaga, San Andres Pasealekua eta Amaña zeharkatuko ditu lasterketak Ermura joateko.

Coral Calvo Eibarren Korrikako arduradunak aipatu digunez, “gero eta jende gehiagok eraman nahi du lekukoa”. Izan ere, Igor Elortza bertsolariak aste honetan Twitterren esan duen bezala: “Andy Warholek denontzat iragarri zuen ordu laurdeneko fama, Euskal Herrian, Korrikaren lekukoa bizitzan behin gutxienez eroatea da”. Aurten, beraz, inoiz baino jende gehiagok eramango du lekukoa Eibarren, 43k hain zuzen ere. Herrian zehar egingo den ibilbidea ikusita, lekuko batzuk 50 metro ingurukoak izango dira, baina antolatzaileek ahalik eta jende kopuru handienaren partaidetza bultzatu nahi izan dute.

Korrikak Eibar zeharkatzen duenean giro paregabea sortuko du berez, baina herriko abeslari, musikari eta bestelako taldeek ere eguna gehiago girotuko ibilbideko hainbat puntutan.

 

Txillardegiren omenez

Klika egin dute egun hauetan Euskal Herriko milaka lagunek eta klika egingo dute bihar Eibarren Korrikarekin bat egingo dutenek. Handik Gasteizeraino jarraituko du euskeraren aldeko ekimen erraldoiak, Arabako hiriburuan amaituko baita etzi Korrika, baina euskal gizarteak klik egingo du ordurako, euskeraren aldeko hautua. Korrikako antolatzaileek dioten bezala, konpromisoak hartzeko garaia delako. “Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika, Korrika”.

‘Klika’ da 21. Korrikaren goiburua. “Euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia”. Asmo hori ekarriko dute Garestik hilaren 4tik eskuz esku joan den lekukoarekin eta Gasteizen azken pausoa eman ondoren, kilometro guztietan bildutako indarrarekin euskerari bultzada ematea espero da.

Aurtengo Korrikako omenduak, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegik’, bere sasoian klika egin zien euskerari, literaturari eta herriari, besteak beste. “Txillardegi da, askorentzat, gerra ondoko Euskal Herrian izan zen belaunaldien arteko etenaren protagonista nagusietakoa”, diote Korrikaren antolatzaileek. Euskera batuaren 50. urteurrena da aurten eta Txillardegik euskera batuaren alde egindako lana goraipatu nahi izan du Korrikak. “Txillardegiren kezka nagusia zen aldarrikatzea herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela”.

 

Amaierako jaia Gasteizen

Txillardegi omendu duen Korrikak izan duen erantzuna paregabea izan da eta antolatzaileek tamainako amaiera ekitaldia antolatu dute etzirako Gasteizen. Azken lekukoa 12:30ean sartuko da Andra Maria Zuriaren plazan, 2.500 kilometro egin eta gero, eta orduan jakingo dugu hamaika egunetan zehar eskuz esku joan den lekukoak gordetzen duen mezua zein den. Ondoren, 14:00etatik aurrera, Libe, Trikoma, Koban eta Gogo-Gozo musika-taldeak Foru plazan egongo dira; eta Mice, Konpost eta Ene Bada! Buruileriak plazan. Gainera, Enparantza Berrian magia, tailerrak eta akobrazia ikuskizunak egongo dira; Aihotz plazan dantza eta bertso saioak; Landatxo kiroldegian herri-jantokia egongo da; Probintzia plazan ekoizle arabarren azoka eta txotxongilo ikuskizuna; eta Posta kalean herri- eta artisau-azokak eta photocall-a, besteak beste.

Korrikaren amaierako jaira joan nahi izanez gero, Eibarko AEK Euskaltegiak Gasteizera joateko autobusa antolatu du. Irteera 10:15ean izango da, Untzaga plazatik eta bueltako autobusa 19:00etan hartuko da, Gasteizen. Prezioa 9 eurokoa izango da. Izena-emateko AEK Euskaltegira deitu (943 20 13 79) edo eibar@aek.eus helbidera idatzi.

korrika-Ibilbidea

1-  AEK
 (Maltzagan)

2- El Corte Ingles (Maltzagan)

3- Codesyntax
 (Autopistako zutabean)

4- Kirol taldea
 (Mail lantegian)

5- Tekniker
 (Citroen parean)

6- Ego-Gain Borroka Antolakuntza (Autopistako rotondan)

7- Hankamotxak Bertso Eskola (Azitain gasolindegian)

8- Euskara Batzordea
 (Karmengo estankoan)

9- Gazte Mugimendua (Ondamendi etxean)

10- …eta kitto!
 (Gabilondo bukaeran)

11- Eibar BHI
 (Orbea kiroldegian)

12- BHI Gurasoak
 (Urkizuko Eroskin)

13- Eibar Rugby Taldea (Bittor Sarasketa kalean, epaitegi zaharrean)

14- Akebai (Astelena tabernan)

15- Euskadiko Kutxa (Trinketen)

16- Astixa
 (Plazaola Optikan)

17- Arrate Kultur Elkartea (Bambi parean)

18- PSOE
 (Correosen)

19- PNV
 (San Juan kalean, Ongi-etorri tabernaren atzealdean)

20- EGI
 (San Juan kalean, Edurne ileapaindegi parean)

21- Podemos (San Juan kalean, Izadi loradenda parean)

22- EH Bildu 
(Laurel&Hardy parean)

23- Etxerat
 (Txoko parean)

24- Mirentxin
 (Untzagako kioskoan)

25- Iosu, Pana, Arrate, Anjel eta Patxiren lagunak (Calbeton kalean, Maixa taberna parean)

26- LAB (Calbeton kalean, Leo taberna parean)

27- J.A. Mogel
 (eliza pareko Eroskin)

28- San Andres eskola (Zabaleta okindegi parean)

29- San Andres gurasoak (San Andres eskola parean)

30- Urkizu gurasoak
 (Urtzaileko kantoian)

31- J.A. Mogel gurasoak
 (Urkizun, autobus geltoki parean)

32- Dendarien Elkartea 
(Ibarkurutzeko iturrian)

33- Eibar K.E.
 (Ogiberri parean, 2. buelta)

34- Klub Deportiboa
 (anbulatorio parean)

35- Euskal Bizikleta Kirol Elkartea (T. Etxebarria kalean, Depor parean)

36- Sostoa abesbatza 
( T. Etxebarria kalean, Euki parean)

37- Aspe 
(Ardantzako geltoki parean)

38- Gure Esku Dago
 (Kontent taberna parean)

39- Legarreko Jai Batzordea
 (Egogaineko etxe berrien amaieran)

40- Udaleko langileak
 (Amañako tren geltokiaren parean)

41- Amañako Jai Batzordea 
(Amañako pasarela parean)

42- Armeria Eskola
 (Amañan, Jan eta Edan taberna parean)

43- Uni Eibar-Ermua (Amañako autobus geltokian)

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »