Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena gogora ekarriko dute Udalak eta Euskaltzaindiak ekainaren 22ko ekitaldian

Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena gogora ekarriko dute Udalak eta Euskaltzaindiak ekainaren 22ko ekitaldian
2022/06/20 12:47
eta kitto!
Euskaltzaindiak Eibarren egingo du etzi, ekainak 22, osoko bilkura. Data berezia da, izan ere, Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena betetzen baita egun horretan. Horregatik, San Martinek euskararen alde (eta bestela ere) egindako lana gogoratzeko, omenaldia egingo diote udaletxean.

Euskaltzaindiak osoko bilkura egin ohi du hilero eta hurrengoa Eibarren egingo dute. “Euskaltzain Oso guztiak bilduko gara bertan”, esan digu Andres Urrutia Euskaltzainburuak. Bilera arrunt hau 10:00etatik 12:00ak arte egingo da udaletxean eta, ondoren, Euskaltzaindia Eibarrera ekarriko duen arrazoi nagusiaren txanda etorriko da: Juan San Martinen omenaldia.

Omenaldian Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak hartuko dute parte. “Jon Iraola alkateak berba batzuk egingo ditu, nik neuk ere hitz egingo dut, eta gero, Luis Alberto Aranberri ‘Amatiño’ Ohorezko Euskaltzainak eta Jabier Kaltzakorta Euskaltzain Osoak hitzaldiak eskainiko dituzte”, Urrutiaren berbetan.

Amatiñoren eta Kaltzakortaren hitzaldien helburua “Juanito San Martin zein izan zen eta zer egin zuen” gogoratzea da, Euskaltzainburuak esan digunez. “Juanito (horrela esaten genion) guretzat, Euskaltzainen ikuspegitik eta euskararen munduan, guztizko pertsonalitatea izan zen. Nortasun handiko pertsona zen, ‘Eibarkua’”, gehitzen du.

Urrutiaren ustez San Martinen izena ahaztu egiten da Euskara Batuaren prozesuan, “baina garrantzia handia izan zuen”, bere iritziz, “Euskara Batuaren bultzatzaile nagusienetarikoa izan zen”.

Euskaltzainburuak dioenez, “Juanitok beti izan zuen argi Euskara Batuaren premia eta beharra, bere erroei eta sustraiei uko egin gabe. Inolako artifizialkeriarik gabe gainera. Hau da, berak oso argi zuen bertoko euskara beharrezkoa zela, baina bide berean argi zeukan jendea ezin zitekeela euskalkerietan ibili, nolabait esatearren, euskalkerietan Euskara Batuari muzin egiteko edo Euskara Batuari uko egiteko. Beste batzuk San Martinen lorratzetik joan dira eta Euskaltzaindiak ere bide horretatik jarraitzen du”.

Informazio gehiago Eibarko Udalaren webgunean