Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldia egingo da gaur udaletxean

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldia egingo da gaur udaletxean
2021/12/02 11:52
eta kitto!
Gaur arratsaldean, Euskararen Egunaren bezperan,  “Eibarko ermitak historiaren lekuko” dokumentalaren aurkezpena eta euskararen aldeko agiriaren irakurketa egingo dituzte, 18:00etan udaletxean. Ego Ibarra batzordetik azaldu dutenez, “Euskararen Egunaren bezperan, Eibarko euskaran jasotako ahozko testigantzei esker, gure herriko ermiten historia, ohiturak, errituak eta usadio zaharrak ezagutzeko aukera izango dugu; eta,  aldi berean, gure umeak eta gazteak kirolean aritzeko orduan euskara erabil dezaten, euskara-plana egin duten Eibarko kirol taldeen lana aitortzeko parada ederra”.

Izan ere, euskararen erabilera indartzearren, Eibarko hamar kirol klubek egin dute euskara-plana 2021/2022 denboraldirako, eta ardatza euren eguneroko jardunean jarri dute: entrenamenduetan, partidetan, kirolariekin eta euren familiekin duten komunikazioetan eta baita euren barne-funtzionamenduan. Eibar Eskubaloia, Eibar Rugby taldea, Eibartarrak FT, Eibar Igerixan kirol kluba, Club Gimnasia Ritmica Ipurua, Kalamua Judo Kluba, Klub Deportiboa, JAZ Eibar triatloi taldea eta Urbat urpolo taldea dira euskara-plana egin duten klubak.

Bestalde, euskalgintza osatzen duten taldeak aspaldi hasita zeuden elkartzen, eta Euskararen Eguneko egitaraua lotuta zuten, baina, bizi dugun osasun-egoera dela eta, kaleko ekitaldirik ez da izango aurten. Eibarko euskalgintzatik adierazitakoaren arabera, “asko dugu ospatzeko, asko hausnartzeko eta asko aldarrikatzeko. Euskaldunok, euskara maite dugunok ondo asko dakigu euskararen eguna ez dela egun honetara soilik mugatzen. Urteko 365 egunak dira euskararen egun. Bide luzea du egina euskarak eta dugu egina euskaltzaleok, eta asko lortu da, baina oraindik ere pauso asko eman behar ditugu begiz jota dugun helmugara iritsi nahi badugu. Aprobetxa dezagun egun hau hausnarketa, eta zergatik ez, autokritika egiteko, gure hizkuntz ohituren inguruan gogoeta egiteko, gu guztiok, izan norbanako, elkarte, ikastetxe edo instituzio, ardura eta erantzukizuna ere gu guztiona dira-eta”, .