Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu dute

Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu dute
2022/11/08 13:57
eta kitto!


Atzo  Portalea Kultur Etxean izandako ekitaldian Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu zuten. Proiektua gauzatu ahal izan da Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Jakin Fundazioaren lankidetzari esker. JAKIN  arduratu da digitalizazioaz eta  obra osoa eskuragarri dago bere webgunean.  San Martinen lanak guztira 1.829 obra ditu (14.615 orrialde).

Ekitaldian izan ziren Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Bingen Zupiria Kulturako sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendaria. San Martinen senide eta lagunak ere berta izan ziren.





Harkaitz Millan Kultura diputatuak azaldu zuen “Juan San Martinen lana hain da handia eta zabala, ezen zaila baitzen haren osotasunera iristea eta ikuspegi osoa izatea. 2016. urtean, gainera, digitalizazioari esker, interaktibitateari esker, corpus gisa eratutako testuinguruan jar daiteke, autorearen ezagutzan sakontzen laguntzen duena eta ikerketa berrietarako bidea irekitzen duena".

Jon Iraola, Eibarko alkateak azaldu zuenez, "Eibarko Udalak ez du zalantzarik izan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatu den proiektu horretan laguntzeko. Zalantzarik gabe, lan bikaina da, eta aukera emango digu San Martinen lan guztia modu erraz eta eskuragarriagoan erabiltzeko, kontsultatu nahi duenaren eskura jarriz, edonon dagoela ere. Horregatik, zalantzarik gabe, gaur aurkezten dizueguna mugarri garrantzitsua da Juan San Martinen lana zabaltzeko».

Bingen Zupiria, Kulturako sailburuaren esanetan "Idazlea, ekintzailea eta administradorea izan zen Juan San Martin eta gutxitan gertatu da Euskal Herrian ezaugarri guzti hauen uztardura. Ahalegin bakoitzean bere ideiak tinko mantentzeaz gain, 1980. urtean Indarkeriaren aurkako manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen. Tradizio desberdinetako pertsonen arteko harremanak mantentzen jakin zuen eta guztien errespetua eta aitortza jaso zituen. Bere liburu eta artikuluen digitalizazioak gaurko euskaldunen eskura jarriko ditu Eibarko seme honen nortasuna eta jarduna”.

Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, "Jakinentzat egun seinalatua da gaurkoa, azkenik Juan San Martinen obraren digitalizazioa aurkeztera gatozelako. Omenaldi asko jaso ditu San Martinek, mereziak denak; baina, agian, hauxe falta zitzaion".

Juan San Martinek idatzitako lana, zalantzarik gabe, guztiz nabarmentzeko modukoa da. Lan handia egin zuen, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Kultura, hizkuntzalaritza, euskara, literatura, historiaurrea, artea, arkeologia, etnografia... Egunkari eta aldizkari ugaritan arlo askotan lan egin zuen San Martinek, baita bere  bi zaletasun handien inguruan ere: mendia eta espeleologia. Eta poeta gisa egindako sorkuntzak ere nabarmendu behar dira. Informazio gehiago