Urteko Batzar Nagusia egin du gaur arratsaldean …eta kitto!-k

Urteko Batzar Nagusia egin du gaur arratsaldean …eta kitto!-k
2023/03/21 eta kitto!
Gaur arratsaldean elkartearen egoitzan egindako Urteko Batzarrean aurkeztu ditu…eta kitto! Euskara Elkarteak iazko balorazioa eta balantzea eta 2023rako proposamena eta aurrekontua. Iazkoa “inflexio urtea” izan zela nabarmendu dute elkartetik, hainbat aldaketa egin zirela gaineratuta. Iaz, besteak beste, Ongietorri programa berreskuratzea lortu zen eta berriz martxan dago irailaz geroztik. Horrekin batera, Debabarreneko hedabide proiektuaren garapenean aurrera egin zen, eta sasoi berriekin bat datorren irudi berria ere estreinatu zen: “Logotipo berria, astekariaren formato berria eta egoitzaren egokitzapen lanak egin ziren, besteak beste”. Aurrera begira, 2023rako asmo nagusia “elkartearen izaera eta jarduna hobeto ezagutarazi eta gizarteratzea” dela adierazi dute.

Bestalde, bazkide-kuotetan ez da aldaketarik egongo, iazkoei eutsiko zaie aurten ere: urtean 5 euro 16 urtetik beherakoentzat; 20 euro langabetu, ikasle, jubilatu eta etxekoandrentzat; eta 50 euro lanean ari direnentzat.

Batzarra amaitu aurretik, zuzendaritzarako proposamena onartu dute bertaratutako bazkideek eta horrela osatuta geratu da: presidentea, Ekaitz Juaristi; presidente ordea, Gorka Guenaga; idazkaria, Maider Aranberri; diruzaina, Marisol Uriarte; eta bokalak, Ana Aizpurua, Julian Fernandez, Ane Lizarralde, Jon Mardaras, Anartz Mitxelena, Jon Mikel Mugika eta Iraia Muñoa.