Gaur erabakiko du LABIk pandemiaren aurkako neurriak gogortu ala ez

Gaur erabakiko du LABIk pandemiaren aurkako neurriak gogortu ala ez
2021/01/11 11:57
eta kitto!
Gabonetako ospakizunen ostean, Euskal Autonomia Erkidegoan joera aldatu egin da, eta azken astean gora egin du eguneko kasuen kopuruak.

Batzorde Teknikoa 09:00etan bildu da, eta adituen proposamena jaso ostean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Aholku Batzordeak 12:00etan egingo du batzarra. Bilera amaitutakoan, erabakitakoaren berri emango dute 14:00etarako aurreikusita dagoen agerraldian.

Azarotik hona koronabirusaren intzidentziak behera egin duen arren, Gabonetako ospakizunen ostean, eguneko positiboen eta positibotasun tasaren joera erabat aldatu da; gorakada nabaria izan du.

Ostiralean egin zuten bileran, LABIren Batzorde Teknikoak ez zuen neurri berririk proposatu, baina gaur egungo datuak "kezkagarriak" direla esan zuen, datuen goranzko joera “arduratzeko modukoa” dela gehituz.