Bidaia olinpikoa blogari bezala

Bidaia olinpikoa blogari bezala
2012/03/09 00:00
eta kitto!

Usain Bolten marka berria, Amerikako Estatu Batuetako saskibaloiko Dream Team delakoaren ikuskizunak, Leire Olabarria Debabarrenako txirrindularia Euskal Herrira domina ekartzen… imajinatzen duzu gertakizun horiek zuzenean ikusi eta kontatzea? Bada amets hori errealitate bihurtu daiteke. Gazte Olimpic Teama osatzen duten 8 blogarietariko bat bazara, lortuko duzu.
Joko Olinpikoetan Gazteaukerako blogean idatzi, argazkiak atera, elkarrizketa txikiak egin, bideoak grabatu… beharko dituzte blogariek. Dena den, Londresera joan aurretik prestakuntza eta baita beharrezko ekipamendua jasoko dute. Gainera, Basque Teameko kirolariekin kontaktuan egongo dira.
Saria zein den? Zati bitan banatuko dira sariak. Batetik, Joko Olinpikoetara joateko 4 bidaia emango dira, Bilbotik joan-etorriko txartel (uztailaren 31tik 9ra), Londresen egoitza, kirol ekitaldietarako sarrerak eta bidairako dirulaguntzekin (bidaiko laguntza asegurua barne). Bestetik, Joko Paralinpikoetara beste 4 bidaia eskainiko dira, aurrekoaren baldintza berdinekin, baina abuztuaren 29tik irailaren 9ra.



Aukeratze froga
Munduko kirolari onenekin zein blogari egongo den aukeratzeko, antolatzaileek froga antolatu dute parte-hartzaileen narraziorako trebezia neurtzeko. ‘Euskadin egingo dira 2020ko Joko Olinpikoak’ izenpean testu edo bideo bat egin beharko dute, gazteleraz eta euskeraz, eta estilo librea erabiliz. Lanak entregatzeko epea apirilaren 12ra arte egongo da zabalik, eta Gazteaukeraren webgunean dagoen formularioa bete ostean, testuak formularioan bertan erantsita eta bideoak gazteaukera@gmail.com helbidera bidali behar dira.
Lehiaketan parte-hartzeko Gazte-Txartela edukitzea beharrezkoa da. Bestetik, bidaia egiteko unean 18 urte beteta eduki behar izango dute parte-hartzaileek. Epaimahaiak lanen orijinaltasuna baloratuko du eta zortzi garaileen izenak maiatzaren 4ean emango dira jakitera.
Zuzia piztu da eta hasi da lehiaketa. Urrezko zortzi domina daude jokoan. Ea nortzuk diren irabazleak.