Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileak biharko grebara deitu ditu LABek

Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileak biharko grebara deitu ditu LABek
ETA KITTO 2018, Urr 25

source site Gipuzkoako zahar-egoitza guztietako beharginak biharko grebara deitu ditu LABek, “Gipuzkoako zahar-egoitzeko langileentzat herrialdeko hitzarmen duin baten aldeko borrokara lotu daitezen”. Horren harira, bihar Donostian, Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia urriaren 19an bildu zen eta, LAB sindikatutik adierazi dutenez, “beste behin ere, ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG patronalek Gipuzkoako langile guztientzat herrialdeko lan hitzarmen bat lortzeko duten borondate eza erakutsi digute”. LAB sindikatua gaur egungo eredua aldatzeko lanean eta mobilizatzen aritu da, “funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko”. Negoziazio mahai honetan herrialdeko hitzarmena lortu nahi dutela adierazi dute, hitzarmen horretarako ardatz nagusiak zeintzuk diren argi esanda: “Oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea; Kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea; eta Prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea”.

Bileran patronalek aurkeztutako proposamenak eskatzen dutenari ez diela erantzuten uste dute. Sindikatuko ordezkarien berbetan, “patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahaiak langileen beharrei ez erantzutearekin eta sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin nazkatuta gaude”. Gauzak horrela, eta urtebeteko mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak borroka areagotzea eta biharko greba deitzea erabaki du eta, egoerak bere horretan jarraituz gero, grebarako deialdi gehiago egiteko prest agertu dira.

source

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »