60.000 euro arteko isunak jarriko dira osasun neurriak ez betetzeagatik

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
60.000 euro arteko isunak jarriko dira osasun neurriak ez betetzeagatik
ETA KITTO 2020, Mar 16

Asteburuan ezarritako alarma egoeraren ondorioz, neurriak betetzen ez dituzteek zigorrak jaso ahal izango dituztela oharatarazi dute. Esate baterako prezinto edo hesi bat kentzeagatik 100-600 euro bitarteko isunak jarriko dira; eta 30.000 eurora arteko isuna poliziaren aurrean identifikatzeari uko egiteagatik edo 60.000 eurora arteko isuna biztanleriaren osasuna arrisku larrian jartzeagatik.

Exekutiboak onartu berri duen errege-dekretuak, besteak beste, jasotzen du herritarrak ezin izango direla euren etxeetatik atera, behar-beharrezkoa denerako bakarrik. Bide publikoan paseatzen harrapatzen dutenek, besteak beste, zigor administratibo horiei aurre egin diezaiekete.

Estatuko, erkidegoetako eta tokiko polizia-kidego guztiak Barne Ministerioaren koordinaziopean geratu dira. Poliziei edo segurtasun pribatuko langileei desobeditzeagatik 3 hilabeteko kartzela-zigorra ezar dezakete. Agintaritzaren aurkako atentatuak lau urteko espetxealdia aurreikusten du (osasun langileak ere agintaritzako kideak dira).

Poliziek Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzei jakinarazi behar dizkiete isun eta zigorrak, eta posible bada argazki bilduma batekin lagunduta. Barne Ministerioko iturriek azaldu dutenez, segurtasun indarretako kideek proportzionaltasuna beti aplikatuko dute.

Herritarrak erantzukizunaz eta zintzo jokatzea espero du Exekutibo zentralak. Horregatik, zigorrak zehaztea baztertu dute. Horrela, 1981eko alarma egoera legean eta mozal legean aurreikusitakoa aplikatzera mugatuko dira. “Ez da segurtasun krisi bat, osasun krisi bat baizik”, Espainiako Gobernuak errepikatu duenez. Ondorioz, zigorrak lege arruntekin ezarriko dituzte, muturreko kasuetarako desobedientzia bezalako delituak aurreikusten dituztelako.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »