Azken Ostirala berezia izango da sanandresetan

Azken Ostirala berezia izango da sanandresetan
2012/11/21 00:00
eta kitto!

San Andres egunak hileko azken barixakuarekin bat egingo duela aprobetxatuta, hilero presoen eskubideen aldarrikapena egiteko Eibarko Herrirak antolatzen duen ekitaldia berezia izango dela iragarri dute gaur (eguaztena, hilak 21) prentsaurrekoan. Ixidro Gabirondo taldeko ordezkariak azaldu duenez, "gure lehenengo helburua muturreko eta salbuespeneko egoerak gainditzea da: kondena bete duten presoak etxean behar ditugu, gaixo larriak dituztenak libre izan behar dute, 2/3ak edo 3/4ak beteta dituztenak behin behineko askatasunean izan behar dute. Azken hau da Mikel Zarrabe eibartarraren kasua. Abenduaren 1ean 23 urte egingo ditu kartzelan. Preso guztiek eta baita iheslariek ere Euskal Herrian egoteko eskubide osoa behar dute. Baita Ibon Muñoa, Puerto de Santa Marian zokoratuta dagoen eibartarrak ere".
San Andres eguneko ekitaldia antolatzeko herriko hainbat musikarirengana jo zuten, "eta ezusteko ederra jaso genuen. Eibarko talde batzuk disko berri baten grabaketa amaitzear zeuden eta".
Josu Gil kantautoreak iaz Ibon Muñoa presoak ateratako Ametsen txokoan bizi naiz poema liburutik batzuk hartu eta musikatu zituen eta gero beste taldeek bertsionatu dituzte. Grabazioan Eroa Nazan, Napoka Iria, Norman, Ekinocio, Josu Gil eta Mikel Arrieta musikariek hartu dute parte eta pare bat astean kalean izatea espero dute. Gilen berbetan, "presoei elkartasuna adierazteaz gain, kartzelatik kanpora ere gu beste gauza batzuen menpe preso bizi garela eman nahi dugu aditzera, libre bizitzen ahalegindu behar dugula". Diskoan estilo ezberdinek bat egiten dute eta liburutxoa ere izango du, Mikel Zarrabe presoaren koadroen irudiekin.
Jaialdia hilaren 30ean, San Andres egunean izango da Txaltxa Zelaian eta 19.30etatik aurrera diskoan parte hartu duten musikari guztiak (Ekinocio taldea izan ezik) zuzenean entzuteko aukera izango da.