Bihartik aurrera familiartean paseatu ahal izango da, etxetik kilometro batera baino gehiagora

Bihartik aurrera familiartean paseatu ahal izango da, etxetik kilometro batera baino gehiagora
2020/05/10 eta kitto!
Bihartik aurrera konfinamendua arindu egingo da Hego Euskal Herrian, eta lehen fase izenekora igaroko dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrak. Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zuen BOEn zein jarduera baimenduko diren fase berrian, eta horiek zein baldintzatan egin ahal izango diren. Besteak beste, posible izango da hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea eta terrazetara joatea. Dena dela,  udalerri barrura mugatuko dute pertsonen mugimendua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ordu-tarteak mantendu egingo dira, baina bihartik aurrera familiartean paseatu ahal izango da, etxetik kilometro batera baino gehiagora, betiere herritik irteten ez bada. Hala ere, 14 urtetik beherakoak kalera ateratzeko ordubeteko mugari eutsiko zaio. Beraz, esate baterako,  bi gurasoek ume bakarrarekin ateratzeko aukera izango dute.

Hemen dituzue fase berri honen aurrean izan ditzakegun galdera-erantzun batzuk:

- Indarrean jarraituko al dute kalera irteteko ordutegiek?
Bai, baina erkidego bakoitzak moldaketak egin ahal izango ditu eguraldiaren arabera. Bi ordu aurreratu edo atzeratu ahal izango dute irteera ordua.

- Hurbilekoak ikusi ahalko ditugu?
Bai, koronabirusagatik positibo eman ez badute edo isolamenduan ez badaude, behintzat. Ez da komeni adineko pertsonak edo arrisku-taldeetakoak bisitatzea, COVID-19aren aurrean ahulagoak direlako. EAEn, bisitak egin ahal izango dira baina udalerritik atera gabe, salbuespeneko kasuetan izan ezik.

-Ospitalean dauden gaixoak bisitatu ahal izango dira?
EAEn ospitalean dauden gaixoei bisita egiteko aukera izango da, beti ere COVID-19ak kutsatuta ez daudenean. Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da eta beti pertsona bera izateko gomendioa egin dute.

- Zenbat pertsona bildu ahalko dira?
Gehienez 10 laguneko bilerak baimenduko dira. Bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko da, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte, eskuak garbitzea, besteak beste. Segurtasun distantzia gordetzerik ez dagoenean, maskara jarri beharko dute. Beti pertsona berak batzeko eta talde handietan elkartzea saihesteko gomendioa egin dute.

- Non egin ahalko dira bilera horiek?
Bai etxean eta bai kalean. Ez dago denbora mugarik. Leku itxietan maskara erabiltzea gomendatzen dute.

- Terraza batean eseri ahalko naiz zerbait hartzera?
Bai, baldin eta horretarako tokirik topatzen badut, mahaien % 50 soilik okupatu ahalko dira. Mahaien eta bezero taldeen artean gutxienez bi metroko tartea izan beharko da, eta taldeak ez dira hamar lagunetik gorakoak izango. Horrez gain, mahaiak desinfektatu beharko dira bezero batek erabili ostean eta hurrengoak erabili aurretik, eta ezingo dira erabili ez ohiko kartak ez ezpainzapiak. Ez dago denbora mugarik.

- Zenbat pertsona joan ahalko dira auto berean?
Etxebizitza berekoak bederatzi plazarainoko autoa parteka dezakete. Elkarrekin bizi ez badira, ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz, eta bidaiari bakoitzak maskara erabili beharko du.

- Zer aldaketa egongo dira dendetan?
400 metro karratu baino gutxiago
ko saltokiek soilik ireki ahal izango dute, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Dendek gehienez ere har ditzaketen bezeroen % 30 hartu ahalko dituzte, gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde beharko da eta adinekoei lehentasuna emateko ordutegia ezarri beharko da. Horrez gain, egunean bitan lokala desinfektatu beharko dute merkatariek.

- Kaleko merkatuak berriro ireki ahalko dira?
Bai, aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da kaleetara, udalek hala baimentzen duten kasuan, baina postuen arteko distantziari eta merkatu ibiltariaren mugak errespetatuz, segurtasun-indarrek edukiera behar bezala kontrolatzeko. Ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.

- 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-guneak edo dendak irekiko dituzte?
Ez, 1 fasean ezingo dira ireki.

- Lorezaintza zentroak edo landare-mintegiak zabaldu ahal dira?
Bai, azalera erabilgarria edozein izanda ere, baina beti aurretik hitzorduak hartuta.

- Loteria-administrazioak ireki ahal dituzte?
Bai, baina ez merkataritza zentroetan edo parkeetan daudenak eta kanpotik sarrera zuzena eta independentea ez dutenak.

- Baimenduta al daude gaubeilak?
Bai, baina joan daitezkeen senideen kopurua mugatu egingo da: 15 lagunekoa aire zabalean, eta hamarrekoa leku itxietan.

- Hileta eta ehorzketetara joateko aukera egongo da?
Bai, baina muga bat ezarriko da: hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erretzeko agurrera gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, nahi den kasuan, apaiza ere batu ahalko zaio talde horri.

- Elizara joan ahalko gara?
Bai, gurtza-lekuak 1 fasean irekiko dituzte, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da. Leku itxiak izanik, maskara jartzea gomendatzen dute.

- Probintziatik irteteko aukera egongo da?
Ez.

- Probintzia berean dagoen bigarren etxebizitzara joateko aukerarik ba al dago?
EAEn ez dago horretarako baimenik, mugikortasuna bizi garen udalerrira mugatuta dago. Nafarroan eta Estatuko gainontzeko lurraldeetan, berriz, bai, joan daitezke.

- Igerilekuetan bainu bat hartzeko aukera egongo da?
Ez.

- Gimnasioak ireki ahalko dira?
EAEn ez. Nafarroa eta Estatuko gainontzeko lurraldeetan, berriz, bai kirol instalazioak aire zabalean badira eta jarduerak kontaktu fisikokoak ez badira (tenisa edo atletismoa, esaterako). Ezin dira aldagelak erabili, ezta itxiak diren instalazioak ere.

- Hotel batera joan naiteke?
Lan arrazoiengatik bakarrik joan ahalko gara EAEko hotel batera, probintzia bereko udalerrien arteko mugikortasuna debekatuta baitago. Nafarroan eta Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan, ordean, probintzia bereko hoteletara joan dezakete. Hotelek eta ostatu turistikoek logela guztiak ireki ahalko dituzte, baina hainbat eremu itxita mantenduta, hala nola, gimnasioak, igerilekuak, "spa" zonaldeak, haur-jolastokiak, egongelak eta zonalde komunak. Jatetxe eta kafetegi zerbitzuak eskaini ditzakete, baina bakarrik bertako bezeroei eta inoiz ez zonalde komunetan.

- Liburutegietara edo museoetara joan naiteke?
EAEn ez.

- Kultura ekitaldi edo ikuskizunetara joaterik dago?
EAEn, ez.

- Etxean egiten ari nintzen errehabilitazio lanekin jarraitu ahal izango dut?
Bai.

- IAT egitera edo kontzesionario batera joan ahal izango dut?
Bai, baina beti aurretik hitzordua eskatuta.

- Telelana egiten jarraituko dut?
Espainiako Gobernuak telelana lehenesten jarraituko du, posiblea den kasuetan.

- Berreskuratu ahalko dira desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta lanbide-terapia, errehabilitazio-terapia eta terapia psikosoziala?
Bai, eta egoitzetan bizi ez diren adineko pertsonei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.

- Zer gertatzen da kirol jarduera profesionalarekin?
Errendimendu Handiko Zentroak zabalduko dituzte. Entrenamenduak egingo dira, baina banakakoak izatea lehenetsiko da. Kirol klubek edo Kirol Elkarte Anonimoek taldekako entrenamenduak egin ahal izango dituzte, baina, gehienez, 10 pertsonarekin. Entrenamenduetan ezin izango da hedabideetako langilerik egon, ezta klubetako laguntzailerik ere.