Burgosko Prozesua gogoratzeko ekitaldia egingo dute etzi Coliseoan

Burgosko Prozesua gogoratzeko ekitaldia egingo dute etzi Coliseoan
2020/12/01 09:32
eta kitto!
Burgosko Prozesuaren 50. urteurrena bete da aurten eta, data hain berezia gogoratzeko, hainbat ekitaldi ipini dituzte martxan. Horrela, abenduaren 3an, 18:00etan hasita, "El Proceso de BURGOSko Epaiketa. Un ayer de hoy - Gaurko iragana" ekitaldia egingo dute Coliseo antzokian.

Jarraian, 18:30ean, lehen atalari ekingo diote, orduko hartan bizia galdu zuen Roberto Perez Jauregiri omenaldia egiteko. Eta 19:00etan hasiko da bigarren atala, zortzi lagun bilduko dituen mahainguruarekin: Miguel Castells, Francisco Letamendia "Ortzi" eta Pedro Ibarra abokatuekin bost prozesatuk hartuko dute parte: Itziar Aizpurua, Arantxa Arruti, Antton Karrera, Jon Etxabe eta Enrike Gesalagak. Elixabete Garmendia kazetariak eta Josu Chueca historialariak egingo dituzte aurkezle lanak.

Gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera emateko eta azaltzeko ‘1970-2020 Burgosko prozesua. Frankismoari epaiketa’ izeneko erakusketa dago zabalik urtarrilaren 26ra arte, UPV-EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean. Egitasmoak sasoiko 173 dokumentu eta testigantza eman ditu argitara.

Burgosko Prozesuari buruz gehiago irakurtzeko, …eta kitto!-ren azken aldizkariko 23, 24 eta 25. orrialdeetan gaia landu genuen.