Eibartarrak ramadana ospatzen

Eibartarrak ramadana ospatzen
2021/04/23 eta kitto!
Eibartarron jatorria ezberdina den bezala, ezberdinak dira gure ohiturak. Azken urteotan gora egin du erlijio musulmana duten eibartarren kopuruak eta, ondorioz, gero eta gehiago dira ramadana ospatzen dutenak. Musulmanen hilabete santua aurten apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 12an amaituko da eta, betiko moduan, praktikatzaileek modu berezian bizi dute.

 

Mohammadreza Vakili ‘Behrooz’ eta Neama Fawzy aldizkari honetako ‘eibartHARTUak’ atalean ezagutu genituen. Bata Irangoa da, Egipton jaiotakoa bestea; pertsiarra da Behrooz, arabiarra Neama; baina biak dira musulmanak eta antzera bizi dute ramadana, jaioterritik urrun.

Ramadana islamiar egutegiaren bederatzigarren hilabetea da, eta erreta edo kiskalita esan nahi du euskeraz. Islamiar egutegia ilargiaren araberakoa da, eta ilargi berritik egun bi pasa ondoren hasten dira hilabeteak, ilgora ikusten hastean. Arabiarrek egutegi hau jarraitzen dute, baina pertsiarrek beste bat dute, Hejirako eguzki egutegia. “Dena dela, Irango musulmanek ramadana egiteko islamiar egutegia jarraitzen dugu”, diosku Behroozek.

 

Baraualdia baino gehiago

Musulmanak ez diren gehienei baraualdiaren kontuak ematen die atentzioa. Goizean hasten dute, eguzkiaren lehenengo izpiekin, eta gauera arte irauten du. “Hala ere, xiiten kasuan behintzat, baraualdiak kalte egiten badigu edo beste arrazoi logiko batzuengatik ezin badugu egin, jan edo edan dezakegu”, Behroozek dioenez.

Ramadanak Irango egunerokoa guztiz aldatzen du eta egunean zehar erritmoa lasaia den bitartean, “lan-ordutegia murrizten delako”, gauean demaseko bizitza dago. “Jatetxeak, tabernak, kafetegiak… jendez beteta egoten dira gau guztian, hilabete honetan herri guztiak bizirik egoten dira gauez”.

Ramadan sasoian janari bereziak prestatzen dituzte. “Haleem, ash, bamieh… horrelako jakiak”, Behroozen esanetan. “Goizean, baraualdia hasi baino lehen, okindegietan demaseko ilarak egoten dira ogi egin berria erosteko”.

Hemen Iranen baino eguzki ordu gehiago ditugu eta, ondorioz, baraualdiak gehiago irauten du, baina hori ez da oztopo Behroozentzat. “Hilabete amaieran 22:00etara arte itxaron beharko dut jan edo edateko eta, gero, 04:00etan esnatu behar. Ohitu beharko naiz, baina pazientzia praktikan jartzea da ramadanaren filosofia. Munduan milioika lagun daude ia janaririk gabe bizitzen, arazo handiekin. Guk, gauera arte itxaron behar dugu berriro jateko edo edateko, beste batzuek ez dute aukera hori”, diosku. “Ramadana hausnartzeko sasoia da”.

Ramadanean zehar Patuaren Gaua ospatzen da (arabieraz Laylat ul-Qadr), eta Xiitek ramadanaren 19., 21. eta 23. egunetan egiten dute, gertaera horren data ez delako zehatza. “Uste dugu hiru gau horietako batean Alak urte guztiko patua zehazten duela”, Behroozek dioenez. “Berebiziko gaua da guretzat. Ez bakarrik gure patua idazten delako, baizik eta mundu guztiarena”. Horretarako, gau guztian errezatzen dute.

 

Apaingarriak eta jakiak

Behroozentzat bezala, Neamarentzat berezia da hilabete hau. Ramadana dela eta, etxea girotu du eta mahai gainean ez dira jaki bereziak falta. Bereziki iftarrean, hau da, ilunabarreko jatorduan. Eguneko beste jatorduak, goizeko 06:00ak inguruan egiten denak, suhur du izena. “Iftarrean datilak, esnea eta entsalada jaten ditugu, opilekin edo haragiarekin lagunduta; eta lora lehorrekin egindako edariak egiten ditugu, indarra hartzeko”, diosku. “Jatordu bereziak dira. Bestela, urtean zehar ez dut datilik jaten”.

Neamarentzat zaila da familia eta jaioterritik urrun ramadana egitea, eta baita eguzki orduen ondorioz bere jaioterrian baino baraualdi luzeagoa egitea ere. “16 orduko baraualdiak egiten ditugu hemen”, dioenez. “Egipton ramadanak dena baldintzatzen du eta bizitza aldatu egiten da hilabete honetan zehar: lanordua murrizten da, batzuetan ez dago eskolarik…”. Hemen ez da horrela gertatzen eta Neamaren senarrak igartzen du. “Gaueko hamarretan amaitzen du beharra eta oso nekatuta etortzen da etxera. Ia ezin du jan ere egin!”, dio irribartsu.

Ramadana “poztasun handiko hilabetea” da Neamarentzat. “Egunean zehar baraualdia egiten dugu eta gauean Korana irakurri”, azaltzen digu. “Gainera, ramadana hasten denean etxe guztia garbitzen dugu eta plater berriak erosten ditugu”.

Egiptoko kale guztiak apainduta egoten direla dio, “hemen Gabonetan egiten den antzera”, eta Neamak ramadanaren inguruko apaingarriekin girotu du etxea. Bere egongelan irakurri daitekeen bezala, ramadan mubarak (ramadan zoriontsua) opa diegu.