Elikagaien Bankuak esker ona azaldu die 1.214 kilo janari bildu duten Munduari Kolorea Ematen-eko kideei

Elikagaien Bankuak esker ona azaldu die 1.214 kilo janari bildu duten Munduari Kolorea Ematen-eko kideei
2021/10/28 eta kitto!
Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzeko elikagai bilketa antolatu zuten Munduari Kolorea Ematen GKE-koei esker ona adierazteko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean, Elikagaien Bankuak Bergaran duen lokalean. Amaia Gisasola Arizmendiarrieta, Ana Sola Agirreazaldegi, Maitane Uribe Elexpuru eta Malen Inciarte Ginea LH 6. mailako ikasleen ekimenez, eta Felipe Elexpuru euretako baten aitxitxaren laguntzarekin, irailaren 24an eta 25ean janaria biltzen egon ziren Untzagan eta, gainera, Bizum bidez ere jaso zituzten laguntza eman nahi zutenen donazioak. Horri esker, Elikagaien Bankuak premia dutenen artean banatzeko 1.214 kilo elikagai lortu dituzte guztira eta aste honetan joan dira Bergarara, bildutakoa entregatzera. Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideek esker ona azaldu nahi izan diete, “horren gazteak izan arren horrelako laguntza handia emateagatik”  eta Gipuzkoako Zuzendaritzako ordezkarien eskutik diploma bana eta opari batzuk jaso zituzten neskek pozarren.