Elkartasunez jositako maskarak

Elkartasunez jositako maskarak
2020/05/08 eta kitto!
Eguazten goiza da eta etengabeko joan-etorria dago ‘Arreglos Susi’ dendan. Maskarak doan banatzen dituzte barruan, Eibarko jostun talde batek egindako maskarak. Dendan sartzen den jendeak esker onez hartzen ditu gaur egun hain preziatuak bihurtu diren maskarak, eta eskerrik beroenak emateaz gain, donazioa egiten dute. Jostun taldeak bultzatutako elkartasuna bueltan dator. Elkartasun-sarea josi dute.

 

Kris Peredak San Andres zaharren egoitzan egin zuen lan eta bertako langileek material beharra zutela ikusi zuen sare sozialetan. Besteei laguntzea ez da gauza berria Krisentzat, ‘Noupops’ olagarro solidarioen enbaxadorea baita, eta ekimen horretan laguntzen dion jendearekin harremanetan jarri zen San Andres egoitzako langileentzat maskarak egiteko.

Poliki-poliki sarea zabaltzen joan zen eta ‘Arreglos Susi’ dendako Susana ere batu zen. “Alarma egoerarekin denda itxi behar izan nuen eta amorratuta nengoen. Hala ere, indar hori beste batzuei laguntzeko erabili nahi nuen eta maskarak egitea zoragarria iruditu zitzaidan”, esan digu.

‘Oihal’ dendako Cristina, ‘Kinkila’ mertzeriako Sonia eta Susana taldean zeudenez, oso baliagarriak izan ziren eurek eskainitako baliabideak. “Denda guztiak hustu genituen”, dio Krisek, eta orain Juan Gisasola kaleko 4. zenbakian dagoen ‘Arreglos Susi’ dendan banatzeko dituzte maskarak. “Datorren astean berriz zabalduko dut denda”, dio Susik, “beraz, eguazten eta barixakuetan 10:00etatik 13:00era jaso ahal izango dira maskarak”.

Orain dela gutxi arte ezin zen dendarik zabaldu eta asko kostatu zitzaien ‘Arreglos Susi’-n maskarak banatzeko baimena lortzea. “Udala konbentzitu behar izan genuen, batzuek ez zutelako segurtasunik ikusten. Baina segurtasun- eta higiene-neurriak zorrotz landu ditugu eta maskara bila datorren jendeak oso jarrera ona izan du, neurriak errespetatzen ditu. Bestela, gu zorrotzak gara jendearekin. Azken finean, arreta puntu hau ixten badute, ezingo dugu maskararik banatu”.

 

Udalaren beharrak asetzen

Udalaren kolektiboentzat hasi ziren maskarak egiten. “Gizarte-langileek, udaltzainek, aurrez aurreko arreta eskaintzen duten langileek eta beste hainbatek ez zuten maskararik”, dio Krisek, eta 800 maskara egin zituzten eurentzat.

Jostun taldea pozik zegoen egindako lanarekin, baina jende guztiarengana heltzea zen euren helburua. Beraz, Udalari elkarlanean jarraitzeko proposamena egin zioten eta Udalak babes osoa eskaini zien, arlo logistikoan zein ekonomikoan.

5.000 maskara baino gehiago egin dituzte eta hiru aste daramatzate maskarak banatzen. “300 maskara inguru entregatu ditugu egunero”, Krisek dioenez. Hasierako egunetan maskarak agortu egin ziren, “behar handia zegoen”, baina orain stocka dute. “Umeak kalera irteteko baimena jaso zutenean umeentzako maskarak egiteko eskaerak jaso genituen, eurentzako ez zegoelako ezer, eta orain baditugu haurrentzako maskarak”.

 

Elkarte gastronomikoetako mantelak

Hasieran hamar jostun zeuden taldean, baina elkartasun-sarea hazi egin zen eta beste hamar batu ziren. “Gainera, eskaera handia genuen eta taldean geundenen artean ez ginen gai behar zen maskara kopurua sortzeko”.

Norberak bere etxean egiten ditu maskarak, “bakoitzak ahal duena”, eta udaltzainak arduratzen dira logistikaz. “Materiala etxera ekartzen digute eta eginda dauden maskarak jasotzen dituzte”.

Jostunek euren lana eta trebezia herriaren esku laga dute, baina materiala behar da maskarak egin ahal izateko eta hasieran hori lortzea izan zen arazoa. “Ez genuen gomarik eta oihalik aurkitzen, elkarte gastronomikoetako jendea etorri zen arte”. Elkarte gastronomiko batzuetan dauden mantelak tnt materialekoak dira eta oihal hori behar da maskarak egiteko. “Hiru geruza erabili ohi ditugu, mantelaren lodieraren arabera”.

Orain, zorionez, ez zaie oihalik falta. “Jendeak etxean gordeta zituen izarak eta bestelako telak ekarri dizkigu. Maskarak doan eskaintzen ditugunez, laguntzeko modu bat da eurentzat eta, horrela, izara horrek erabilera garrantzitsu bat dute”, dio Susanak. Bestetik, oihal saltzaile batek telaz beteriko furgoneta bat utzi zuen taldearen esku.

 

Kalitatezko maskarak

Maskarak esterilizatu egin behar dira lehen aldiz erabili aurretik. Horretarako, garbigailuan garbitu behar dira 60º-ra xaboiarekin eta lixibarekin; edo eskuz ur beroarekin, xaboiarekin eta lixiba tanta batekin, 5 minutuz, eta gero uretan irakiten laga. “Maskarak berrerabili egin daitezke eta erabiltzen diren bakoitzean garbitzea da egokiena”, Susanaren berbetan. “Berrerabilgarriak izatea garrantzitsua da, pertsona guztiek ez dutelako familia guztiarentzat maskarak egunero erosteko diru nahikorik”.

Maskara hauek ez dute %100ean babesten, baina eragingarriak dira. “Maskara kirurgikoen eta ezer ez eramatearen artean daude, baina maskara kirurgikoengandik hurbilago”, Krisek dioenez. Tnt izeneko oihal-mota maskara kirurgikoetan erabiltzen den bera da, “baina gure maskarek ez dute osasun-filtrorik”. Maskarek likidoa aldaratzen duten arren, ez dute odolaren proba pasatzen. “Gure maskara jarriz gero, ez duzu beste pertsona bat kutsatuko, maskara kirurgikoekin gerta daitekeen bezala”.

 

Jendearen esker ona

‘Arreglos Susi’-n ez dago etenik. Maskaren bila datorren jendea sartzen da etengabe, baina etxean dauden jostunek ez dituzte dendako joan-etorriak ikusten eta eurentzat garrantzitsuak dira jendearen berba politak eta esker ona. “Jendeak esaten dizkigun gauzak WhatsAppez bidaltzen dizkiegu jostunei eta horrek lanean jarraitzeko indarra ematen die”, Krisen berbetan.

Berba politak jasotzeak jostunak asetzen ditu, baina atsegin handiz jasotzen dituzte jendearen donazioak. “Jendea oso eskuzabala da”. Jasotako diruarekin materiala ordaindu ahal izango dute eta dirua eta materiala sobratzen bada, herriko kolektibo zaurgarriei emango diete.

Momentuz maskarak egiten jarraituko dute, “ahal dugun neurrian”, eta Susanaren denda zabalik egongo da maskarak banatzeko. Modu positiboan begiratzen diote etorkizunari eta herrian zabaldu den elkartasunak jarraipena izatea espero dute. Eurek eman dute lehen puntada.