Aste honetan hasiko da klinika pribatuetako eta eguneko zentroetako langileen txertaketa, baita Ertzaintzako agenteena ere

Aste honetan hasiko da klinika pribatuetako eta eguneko zentroetako langileen txertaketa, baita Ertzaintzako agenteena ere
2021/02/15 17:07
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Herri Irratiko “Egunon Bizkaia” saioan. Bertan, sailburuak iragarri du EAEk aste honetan hasiko duela klinika pribatuetako eta eguneko zentroetako profesionalen eta Ertzaintzako agenteen txertaketa. Beraz, egoitzetako egoiliarren eta profesionalen eta Osakidetzako lehen lerroko osasun-profesionalen immunizazio osoarekin  jarraitzen den bitartean,  gainera, klinika pribatuetako lehen lerroko profesional sanitarioen, Ertzaintzako agenteen eta eguneko zentroetako profesionalen txertaketarekin hasiko da. "Beti txertoen eskuragarritasunaren arabera", gaineratu du.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Sagarduik azpimarratu du Euskadi "eremu laranjan" dagoen arren, egoera kezkagarria dela oraindik, eta, horregatik, "zuhurtziari eutsi" behar zaiola. "Oraindik ez da lasaitzeko garaia, alerta egoeran mantentzeko garaia baizik", azpimarratu du. Hala, gogorarazi du gaur egun 170 pertsona daudela ZIUetan. Sagardui sailburuak azpimarratu duenez, helburua 100.000 biztanleko 60 kasuko intzidentzia metatura iristea da eta "geratzen zaigun bidea oraindik luzea da".

Bestalde, une oro, momentu epidemiologiko eta sozialera egokitutako neurriak hartzen saiatu direla ziurtatu du Osasun sailburuak. "Ez gara uda salbatzera joan, ezta Gabonak salbatzera ere", azpimarratu du. Gotzone Sagarduik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak tresna juridikoak eskatu dituela neurriak azkar eta berme juridikoekin hartu ahal izateko, baina Gobernu Zentralak uko egin dionez eta justiziak neurriak bertan behera utzi dituenez, sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak beste tresna batzuetan pentsatu beharko duela, "atzo Lehendakariak aipatutako legea, esaterako".