Hezkuntza Esparruko jantokiko janaria alferrik ez galtzeko proiektua jarri dute martxan

Hezkuntza Esparruko jantokiko janaria alferrik ez galtzeko proiektua jarri dute martxan
2022/11/04 eta kitto!
Munduan 800 milioi lagun inguruk pasatzen dute gosea. Pandemiak larriagotu duen mundu mailako arazoa da (2020az geroztik 150 milioi lagun gehiagok pasatzen dute gosea) eta konponbidea ez da batere erraza. Baina, maila xumean bada ere, tokian tokiko hainbat erakundek proiektuak jarri dituzte martxan gizartea kontzientziatu eta, ahal den neurrian, arazoa ekiditen laguntzeko.

 

Hezkuntza zentroetan, lantegietan, egoitzetan... egunero gosaltzen, jaten eta afaltzen ematen duten hainbat jantoki ditugu Debabarrenean. Ehundaka lagunek erabiltzen dituzte jantokietako zerbitzuak eta, ondorioz, elikagai-kopuru handia behar da erabiltzaileen beharrak asetzeko. Horrelako kopuru handiak kudeatzeko orduan gertatzen den bezala, elikagai batzuk alferrik galtzen dira eta zaborrontzian amaitzen dute. Beraz, arazo horri erantzuna emateko asmoz, Debabarreneko Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak jantokietan elikagaien xahutzea saihesteko proiektua jarri dute martxan..

Uxue Zabaleta Eibarko Hezkuntza Esparruko Agenda 2030 Programaren koordinatzaileak kontatu digunez, “hondakin organikoak birziklatzeko elkarlanean genbiltzan Debabarreneko Mankomunitatearekin eta janariaren xahuketari aurre egiteko Europatik dirulaguntzak ematen ari zirela jakin genuen. Orduan, Hezkuntza Esparruan egunero 200 lagun ingururi gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen ematen dien jantokia dugula ikusita, eta askotan pentsatu dugunez zer egin dezakegun sobratzen den janariarekin, proiektu bat martxan jarri behar genuela erabaki genuen”.

 

Xahuketa murriztu eta janariak elkarbanatu

Euskal Herrian aitzindaria den egitasmoa jarri dute abian Mankomunitateak eta Hezkuntza Esparruak. “Enraiza GKE-arekin harremanetan jarri gara eta azkenengo bi asteetan jantokian alferrik galtzen ditugun elikagaiak neurtzen eta identifikatzen ibili dira. Hau da, zenbat botatzen den eta botatzen dena zer den. Gero, neurri zuzentzaileak jarriko dizkigute eta ikusi beharko dugu ea horiek jarraituta zakarrera botatzen dugun elikagai-kopurua murriztea lortzen dugun”, azaldu digu Zabaletak. “Gero, beste kontu bat da, elikagai asko sobratuko balitz, horrekin zer egin. Behintzat, janaria ez botatzeko. Izan ere, janari faltan dagoen jendea egonda, lekuz kanpo ikusten dugu janaria botatzea. Orduan, zer egin aztertu behar dugu”.

Hezkuntza Esparruan martxan jarri den proiektu pilotu horren bitartez Debabarreneko jantoki publiko eta pribatuetan elikagaien xahuketa prebenitzeko oinarriak finkatu nahi dituzte, eskualdean sortutako hondakinen kopurua %10 murrizteko helburua lortzeko urratsak emanez. Gainera, proiektu horren bitartez hezkuntza-komunitatea ekonomia zirkularraren eta elikagaien xahuketaren arazoaren inguruan kontzientziatu nahi da.

 

Diagnostiko fasean

Zabaletak esan bezala, diagnostikoa egiten dihardute Hezkuntza Esparruko sukaldean eta jantokian sortzen diren soberakinak neurtzeko eta kuantifikatzeko. “Oraindik ez ditugu azken emaitzak lortu; baina, esan digutenez, kozinatzeko orduan ez da janari asko alferrik galtzen. Batez ere erabiltzaileek erretiluetan hartzen duten janaria botatzen dela ikusi dute. Hau da, adibidez, erabiltzaile batek hiru oilasko zati hartzea eta bi besterik ez jatea, edo lau ogi-koskor hartu eta bi jatea. Platerrean gelditzen den janari hori ezin da berriz banatu”, azaldu digu Zabaletak.

Gauzak horrela, jantokiko erabiltzaileak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dituzte. “Jateko orduan gose handiz edo antsietatez joaten bazara, proposatzen duguna da lehenengo itzuli baten janari kopuru jakin bat hartzea, neurrian, eta gero, gosez jarraitzen baduzu, berriz altxatu eta janari gehiago hartzea”, diosku Zabaletak. “Neurri zuzentzaileak zeintzuk izan beharko liratekeen aztertzen gabiltza”.

Hornitzaileak, sukaldariak, erabiltzaileak... elementu ezberdinek osatzen dute jantoki bateko katea eta guztien arteko elkarlanak bideratuko du janaria alferrik ez galtzeko helburua lortzea. “Lehen, sukaldariek egiten zuten haragiaren zatitzea eta hor gehiago botatzen zen. Orain, haragia zatituta heltzen da”, kontatu digu Hezkuntza Esparruko Agenda 2030 Programaren koordinatzaileak. “Gakoa erabiltzaileengan dago”, bere ustez.

Azterketa egin ondoren, ekintzara pasako dira. “Kartelak jarriko ditugu zenbait mezurekin, e-mailez eta sare sozialen bitartez informazioa emango dugu... Gertutik egin nahi dugu lan”, Zabaletaren esanetan. Ikasturte honetarako neurri zuzentzaileak ezarri beharko dituzte eta soberakinekin zer egin pentsatu beharko dute. Gero, Eibarren egindako lana eskualde osora zabaldu nahi du Mankomunitateak eta, aitzindari izanda, Zabaletak gogotsu ekin dio erronkari. “Legean aldaketak etorriko direla dirudi eta jantokiek euren jarduna moldatu beharko dute janaria alferrik ez galtzeko. Beraz, guk lan hori lehenago egiteko aukera izango dugu eta positiboa da”, bere iritziz.