Itsasoa, mendia eta denboran bidaia Geoparkean

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Itsasoa, mendia eta denboran bidaia Geoparkean
ETA KITTO 2019, Uzt 22

Egunero begien aurrean duzun hori etengabe baloratzea zaila da. Ohitu egiten zara, baita gauzarik ederrenera ere. Eibar inguruan toki eder ugari ditugu eta horren erakuslea garbia da Geoparkea. Mutriku, Deba eta Zumaia inguratzen dituen altxor bat daukagu Eibartik minutu gutxira, mendien eta itsasoaren artean. Historiaren pasarteak kontatzen dituen liburua, begiak argitzen dituen inguru paregabea.

 

Orain dela urte batzuk flysch berba ikasi genuen. Ez genekien Mutriku, Deba eta Zumaia arteko itsaslabarreko haitz-geruzek osatzen duten formazio horiek izen hori zutenik, baina gaur egun berba hori entzunda hara doa gure burua. Formazio ikusgarriak dira, hainbat etxe eta bulegoetako paretak koloreztatzen duten argazki erraldoietako protagonista. Edozein turista erakartzeko amu bikaina.

Baina Geoparkea argazki polit bat baino gehiago da. Geologoen jolas-parkea da. Lurraren historiako 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan, eskuekin ukitu daitezkeen geruzetan. Haitz-geruza bakoitzak historiaren kapitulu bat kontatzen du eta, adibidez, bisitarien artean jakingura sortzen du dinosauroen desagerpenaren lekuko den lerro beltz eta meheak.

 

Bisita gidatuak

Paisaiaz gozatzeaz gain, Lurraren historian zehar bidaia egiteko aukera eskaintzen du Geoparkeak bisita gidatuen bitartez. 19 bisita-mota ezberdin daude, oinez zein itsasontziz egin daitezkeenak. ‘Flysch beltza’ (Geoparkeko itsas hondoa eta flysch zaharrena ezagutzeko), ‘Nautilus’ (flyscheko fosilak ikusteko), ‘Marearteko zabalgunea’ (flyscheko biologiari erreparatzeko), ‘Zazpi hondartzak’ (flysch beltzaren labarrak itsasotik behatzeko), ‘Flyscharen ibilbidea’ (joan-etorriko nabigazioa Zumaia eta Mutriku artean) eta ‘Flyscha, begirada batean’ izeneko bisita gidatuak egin daitezke, besteak beste, flyscharen inguruan gehiago jakiteko eta historiaren igarobidea hurbiletik sentitzeko.

Naturak eskaintzen digun altxorrez gain, gizakiak egindakoak ere badu zeresana Geoparkearen barruan. Horrela, Debako Santa Maria eliza ikusteko (Gipuzkoako elizarik ikusgarrienetakoa, euskal gotikoaren altxorra), Mutrikuko hirigune historikoan zehar ibilaldia egiteko (itsasoarekin lotura zuzena duen herria eta Monumentu Multzo izendatua), flyscheko olagarroaren inguruan gehiago ezagutzeko eta dastatzeko, Mutrikuko Olatz bailara ezagutu eta Goienetxe baserrian gazta eta txakolina dastatzeko, Mutrikuko Arrietakua Jauregia bisitatzeko (XVIII. mendekoa), eta Debako Lastur auzoko errota zaharrean artoa ehotu ondoren taloak egin eta txistorrarekin jateko (familian egiteko ekintza) aukera eskaintzen da, besteak beste.

Bisita gidatuen zerrenda zabala da, baina taldean joanez gero norberaren neurrira diseinatutako bisitak egiteko aukera ere badago.

 

Geoparkea euskeraz

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan Geoparkearen inguruko informazioa jaso daiteke, eta baita www.geoparkea.eus webgunean ere. Bertan bisita gidatuen zehaztasunak aurkitu daitezke, eta zein egun eta ordutan egingo diren ikusi egutegian.

Uztailaren amaieran eta abuztuan zehar ia egunero dago bisitaren bat euskeraz egiteko aukera. Beharrezkoa da erreserba egitea, tokiak mugatuak izaten baitira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »