Kiratsa, kezka eta leihoak itxita zabortegiaren inguruan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Kiratsa, kezka eta leihoak itxita zabortegiaren inguruan
ETA KITTO 2020, Ots 15

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo emandako gomendioen ondoren ohikoa baino jende gutxiago ikusten da kaleetan, batez ere Sallabente eta Eitzaga inguruan (Zabortegitik gertuen dauden tokietan). Inguruan dioxina eta furano maila altuak daudela jakin denetik, Zaldibarko, Elgetako, Ermuko eta Eibarko biztanleen kezkak handitu egin dira eta haserrea adierazi dute kalean zein sare sozialetan. Dena dela, Osasun Sailaren gomendioak jarraituz, etxeetako leiho asko itxita ikusten dira, nahiz eta eguraldi eguzkitsu eta beroa egiten duen. Kanpoan, zabortegiko suak sortu duen kiratsa nabaria izan da goizean zehar.

Astebururako programatuta zegoen Multikiroletako jardunaldia eta aire librean egin beharreko kirol ekintzak bertan behera geratu dira Eibarren, eta oraindik ez dute erabaki bihar Ipuruan Eibar FT eta Errealaren arteko derbia jokatuko den edo ez (Eibarrek partidurako deialdia jakitera eman du behinik behin).

 

Manifestazioa gaur arratsaldean

‘Zaldibar Argitu Orain!’ herritarren mugimenduak mobilizazio deia egin du gaur arratsalderako. Eibartik, Ermutik eta Elgetatik manifestazio zaratatsuak irtengo dira. Protesta bateratua “Zaldibar Argitu Orain! Langileak, Osasuna eta Erantzunkizunak” goiburupean egingo da, eta zutabeak Eitzagan elkartuko dira. Eibartik manifestazioa 17:00etan irtengo da Amaña-Eibar tren geltokitik; Ermutik ere 17:00etan irtengo da, Cardenal Orbe Plazatik, eta Elgetakoa, berriz, 16:30ean abiatuko da herriko plazatik. Antolatzaileek maskarillak eramateko gomendioa egin dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »