Maribel Gurrutxaga “Saharako errefuxiatu askok hemendik bidaltzen diegun laguntzari esker jaten dute”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Maribel Gurrutxaga “Saharako errefuxiatu askok hemendik bidaltzen diegun laguntzari esker jaten dute”
ETA KITTO 2019, Mai 10

Tindufen (Aljeria) dagoen Saharako errefuxiatuen esparruan astebete pasa du Maribel Gurrutxagak alabarekin eta Madrilgo lagun batekin. Hunkituta bueltatu da Eibarrera, desertuan bizitako esperientzia burutik kendu ezinik. Bere familiak aspalditik jaso ditu udan Saharako umeak eta aurten ere horrela egingo dute. Iaz bezala Lahsan txikiak hilabete bi pasako ditu Eibarren, “eta bere anai bikia ere etortzea gustatuko litzaiguke”. Urtero ehundaka ume saharar etortzen dira Euskal Herrira, baina Maribelek umeak etxean hartzeko familiak falta direla dio. Gai honen inguruan informazio gehiago jasotzeko Txonta kaleko 42. zenbakian egoitza duen Eibar-Sahara Elkartera jo daiteke.

 

– Zer lotura duzu Sahararekin?

Niretzat lehen aldia izan da Saharako errefuxiatuen esparru batean, baina Deban bizi den ahizpa batek 2001an Saharako ume bat ekarri zuen udan eta harrezkero familia bereko hainbat ume etorri dira bere etxera (lehendabizi etorri zen ume horren iloba, bi ahizpa…). Nire ahizpak, koinatuak eta ilobek lan handia egin dute Sahararen alde (liburuak saltzen, elikagaiak batzen…), baina nire ahizpa eta koinatua nagusitu egin dira eta lan horiek nekezak egiten zaizkie. Bestetik, nire alabak Saharako ume bat ekarri zuen iaz, Lahsan. Normalean 9 edo 10 urteko umeak etortzen dira, baina bera 8 urterekin etorri zen osasun arazoak zituelako. Nire ahizpak ekarri zituen bi ahizpa horien neba da Lahsan. Ahizpa horiek 25 eta 21 urte dituzte orain eta seme-alabak dituzte dagoeneko. Bitxia da, Saharako ume askori adina galdetuz gero jaiotza urtea zein den esaten dizute, baina batzuk ez dakite zehazki zein urtetan jaio diren. Esan bezala, gure familiak ekarri dituen ume guztiak familia berekoak dira eta gutako norbait hara joaten den bakoitzean euren etxera joaten da. Guretzat erosoa da, hemen egon diren gazteek gazteleraz egiten dutelako eta urte osoan zehar tratua mantentzen dugulako telefono bitartez. Hona etorri diren umeen amak, Jadyetuk, 47 urte ditu, eta bere seme nagusienak 30 eta txikienak 8 (iaz guregana etorri zena eta bere anai bikia).

– Nolakoa da Tindufeko errefuxiatu-esparruko bizimodua?

Adobeko etxeak, haimak, txapekin eta autoen ateekin egindako txabolak, eta ahuntzak daude han. Zenbat eta ahuntz gehiago eduki, are eta aberatsagoa izango zara. Ahuntzek esnea ematen dute eta gurin antzeko zerbait sortzen dute, eta urarekin nahastean lortzen den likido bat edaten dute egunean zehar, hemen kafea hartzen dugun bezala. Saharako gure etxean jende gazte asko bizi da eta oso giro ona egoten da beti. Etxeko ateak beti egoten dira zabalik, baita gauean ere.

– Pozik bizi dira han?

Han jaio eta hazi dira, eta bizitza zaila badute ere, inoiz ez dira kexatzen. Umeek Euskal Herrira etorri eta beste errealitate bat ezagutzeko aukera izan dute, batzuk hemen ikasteko aukera eduki dute eta hemen geratu dira, baina beste batzuk etxera bueltatzea besterik ez dute buruan. Han egon ginenean lausengatu egin gintuzten, eta pultserak, mantak eta melfak (euren jantzia) oparitu zizkiguten, besteak beste. Ezkontza batera joateko aukera izan genuen eta esperientzia ederra izan zen.

– Denetarik bizi izan duzue astebetean!

Bai! Gainera, Jadyetuk hiru ahuntz zituen eta basamortura joan ginen ahuntzetako bat jatera. Beharrezkoa ez zela esan genion, baina tira. Auto batean 13 pertsona eta ahuntza sartu eta basamortuan barneratu ginen. Ahuntz gaixoak lepoa miazkatzen zigun, gertatuko zitzaiona jakingo balu…

– Eurek errefuxiatu-esparrutik irteteko askatasuna dute?

Ez. Basamortura irten ginenean Saharako poliziaren zain egon ginen puntu jakin batean eta, gero, gure alboan egon ziren han egon ginen bitartean.

– Sahararrak euren lurraldetik kanpo bizi dira Tindufen eta belaunaldi berriek ez dute euren aberria ezagutzen. Nola bizi dute egoera hori?

Ondo dakite atzean zer utzi zuten, nondik kanporatu zituzten eta nola. Txikitatik jasotzen dute horren berri eta nire ahizparen etxean egon zen neska batekin berba asko egin dugu politikaren inguruan.

– Errefuxiatuen esparru batean bizitzean, nolako baliabideak dituzte Sahararrek?

Hemendik bidaltzen diegun laguntzari esker jaten dute askok. Gu joan ginen sasoi berean kamioi, autobus eta autoren bat ere joan zen Saharara eta hainbat elikagai eraman zituzten. Batzuk Alacanten geratu ziren aurrera egin ezinik.

– Beraz, garrantzitsua da elikagaiak batzeko egiten diren kanpainetan laguntzea?

Guztiz! Guretzat, askorentzat behintzat, 5 euro ez dira ezer, baina gutako bakoitzak 5 euro emanez gero gauza asko lortu ahal ditzakegu eurentzat. Orokorrean arroza egiten dute lapiko handi batean eta hori jaten dute, eta ogi asko (oso gozoa gainera). Ez dute koilararik erabiltzen eta ogiarekin eramaten dituzte jakiak ahora. Lurrean jarrita edo etzanda egiten dituzte gauza guztiak, baita bazkaldu ere.

– Bestelako laguntzarik jasotzen dute?

Hemen saltzen diren liburuekin jasotako diruarekin desgaitasuna duten pertsonen ikastetxeetan gosariak eskaintzen dira, adibidez. Bestetik, liburutegia, emakumeentzako tailerrak, ikastaroak eta beste hainbat gauza daude.

– Nor da errefuxiatuen esparruko gobernuaren arduraduna?

Saharako gobernuak du ardura. Gu 4. kanpamenduan egon ginen eta autoan irteten ginen bakoitzean ‘protokoloa’ delako gune batean sartzen ginen partea emateko. Tindufeko aireportua Aljeriako lurraldean dago eta Aljeriako poliziak lagunduta egin genuen errefuxiatuen esparrura bidea. Han Saharako poliziak hartu zuen gure ardura.

– Tindufen pasatu duzun asteak markatu egin zaitu moduren batean?

Asko! Oso aberasgarria izan da. Aurten ere Lahsan gurera etorriko da eta bere anai bikia ere etortzea nahi dugu. Tindufeko ume askok giltzurrun arazoak izaten dituzte, edaten duten uraren ondorioz, eta Lahsanen anaiak arazoak ditu. Nahiz eta aurretik lotura nuen Sahararekin, bidaia hau hunkigarria izan da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »