Mikel Oyarzabal foballariak ‘Txopitea eta Pakea’ aitormena jasoko du

Mikel Oyarzabal foballariak ‘Txopitea eta Pakea’ aitormena jasoko du
2021/09/15 eta kitto!
Apirilean Bilboko Athletic-en aurka Errege Kopako finalean gol erabakigarria egin eta kopa altxatu, eta uda honetan Eurokopako finalerdietara iritsi eta Tokioko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina lortu ondoren, Mikel Oyarzabal Realeko kapitain eibartarrak ‘Txopitea eta Pakea’ saria jasoko du, Eibarko Udalaren aitortzarik gorena, Diario Vascok aurreratu duen informazioaren arabera.

Oyarzabal Eibar FT-ren foball-eskolan hasi zen eta 14 urterekin Realarekin fitxatu zuen. 2015ean, 18 urterekin, David Moyes entrenatzaileak lehen taldera igo zuen eta harrezkero historia egiten dihardu Donostiako taldean.

Imanol Alguacil entrenatzailearekin momentu gozoa bizitzen dihardu Realak, Kopako finala mugarri izanik, eta Oyarzabal da taldearen ikurra. Gainera, Luis Enrique Espainiako selekzioko entrenatzaileak ia beti hartzen du kontuan eibartarra, nazioarteko maila gorenean jokatzeko aukera edukiz. Eta hori guztia 24 urterekin!