Zaporeak erronkaren amaiera ekitaldia bihar goizean izango da Errebalen

Zaporeak erronkaren amaiera ekitaldia bihar goizean izango da Errebalen
2022/04/29 eta kitto!
Barixakuan aurkeztu zuten Zaporeak elkartearen erronka solidarioa, udaletxeko pleno aretoan antolatzaileek Jon Iraola alkatearekin batera egindako ekitaldian. Aurrekoetan bezala, Zaporeak elkarteak Greziako errefuxiatuentzat janaria bilduko du aurten ere, gaur amaituko den kanpainan. Eibarren pardina dilista jasoko da, Ermuan eta Deban grano biribileko arroza, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta Mallabian eta Soraluzen hodi erako makarroia.



Kanpaina ixteko ekitaldia, berriz, bihar izango da Errebal Plazan: “Tuper solidarioa” izeneko ekimena eta hori girotzeko egitaraua antolatu dituzte, Errebal Plazan, eta Untzagan, berriz, rifak eta Zaporeak-eko arropak salduko dituzte. Goizean sukaldariak arroza Lumagorrirekin eta dilistak bakailaoarekin prestatzen arituko dira Errebal Plazan eta bitartean, hainbat jarduera egingo dira. Eguerdian, 12:15ean, Kaleetan Kantuz abesbatzak emanaldia eskainiko du; 13:00ean, Rafa Gorrotxategiren eskutik, txokolatearen historian zeharreko ibilaldia eta txokolate ezberdinen dastaketa egingo dira (aforoa bete arte). 14:00etan, janaria banatzen hastearekin batera, gerraren inguruko antzezpena egingo dute. Juanma Canok espazioa dinamizatuko du eta Maite Lorenzok Pedro Carbonellen “Cartas para Alolisa en tiempos de guerra” poema errezitatuko du. Amaitzeko, 14:45ean Trio Medianochek abestuko du.