ZAZPI proiektua jarri du martxan Mikel Lizarralde eibartarrak

ZAZPI proiektua jarri du martxan Mikel Lizarralde eibartarrak
2022/10/20 eta kitto!
Duela ia 5 urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Mikel Lizarralde eibartarrari. Ingurukoen eta kirolaren laguntzaz hasierako kolpeari buelta ematen hasi zitzaion, 2019an, diagnostikotik urtebetera, Zegama-Aizkorri mendi-maratoia egitera arte (urte horretako otsailean elkarrizketatu genuen Eta Kitton). Orain abian jarri duen ZAZPI proiektuarekin bere historia kontatuko du, bideoan eta audioan.

Mila lagunetik batek dauka esklerosi anizkoitza. Gaixotasun neurologikoa, sendaezina, kronikoa eta degeneratiboa da. Beraz, Lizarraldek gaitzari buruz publikoan hitz eginda beronen ezagutza apur bat gehiago zabaldu nahi du. "Hurrengoan diagnostikatu berria den batek ez dezala izan nik izan nuen beldur eta ezinegon bera, edo pixka bat gutxiago", dio.

2021ean "Nire erreferenteak" elkarrizketa-sortarekin bizitzan kolperen bat jaso duten beste pertsona batzuen esperientziak ezagutu eta partekatu zituen. ZAZPI proiektuarekin bere historia kontatuko du. Baina kamera aurrean, geldi-geldi, egon beharrean, mugimenduan egingo du, Euskal Herrian zehar bidaia bat eginez.

Hiru fase dauzka ZAZPI proiektuak:

  1. Kontakizuna

  2. Bidaia

  3. Dokumentala


Orain lehenarekin hasi berria da, kontakizunarekin: aurrerapen bat, zer den proiektua, gaitza nola antzeman nuen aurrena, eta aabr.

Bideoak eta audioak Zazpi.eus webgunean daude ikusgai eta entzungai. Bidaia zein izango den ez du oraingoz kontatuko, baina aurreratu duena da Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego eibartarrekin batera egingo duela dokumentala.