Gizonezkoen ile-apaindegi berritzailea laster abian Alex Muguruzaren eskutik

Gizonezkoen ile-apaindegi berritzailea laster abian Alex Muguruzaren eskutik
2021/01/14 eta kitto!
23 urteko gazte eibartarrak, Alex Muguruzak, gizonezkoen ile-apandegi berritzailea jarriko du abian. Orain arte jendeak ezagutu duenarekin zerikusirik izango ez duen lokala zabalduko du Eibarren; bezeroari esperientzia berri eta aberasgarria eskaintzeko asmoarekin. Ilea moztera baino askoz ere haratago iristea da Alexen helburua. 

Málagara abiatu zinen joan den ikasturtean ikasketekin jarraitzera. Kontaiguzu. 

Emakumezkoen ile-apaindegi ikasketak burutu nituen Zarautzen, baina nik gizonezkoenean zentratu nahi nuen. Hemen inguruan, Euskal Herrian, ez zegoenez era horretako ikasketarik eskaintzen zuen zentrorik, hemendik kanpo zeuden eskaintza akademikoak begiratzen hasi nintzen. Europa mailan oso balorazio ona duen Málagako Antonio Eloy Akademia gomendatu zidaten, eta bertara abiatu nintzen.

Nolako esperientzia izan zen? 

9 hilabete egin nituen Málagan, eta esan dezaket bidaia horrek asko eman didala bai pertsonalki eta baita profesionalki ere. Egia da koronabirusaren kontuak muga asko jarri dizkidala hainbat zentzutan, baina unean uneko egoerara egokitzen jakin dut, eta esperientzia brutala izan da. Akademiako ikaskideak pisukideak zirenez, bai klasean eta baita etxean ere ile-apaindegi kontuez jarduten genuen, beti anbiente horretan murgilduta. Zorte handia izan dut ezagututako jendearekin.

Herrira bueltatu eta proiektu berri bati ekin diozu. Zer da egingo duzuna?

Ile-apaindegi/bizartegi ezberdin bat egin nahi dut; orain arte jendeak ezagutzen duenarekin zerikusirik ez duena. Ez naiz ilea moztera bakarrik mugatuko, hori baino haratago iritsiko naiz. Nire helburua bezero bakoitzari bere estilo propioa aurkitzen laguntzea da; bai orrazkera aldetik, baina baita arropa aldetik ere (jantzi batzuk ere izango ditut salgai). Momentuz horretarako erabiliko dudan lokala lortzeko azken gestioak egiten nago: dokumentazioak, baimenak… Dena ondo zehaztuta daukadanean nire sare sozialen bitartez jakinaraziko dut.

Ausardia erakusten duzu proiektu horrekin. Izan ere, ez dira sasoi onak, oro har, are gutxiago negozio berri bati ekiteko. Nork edota zerk bultzatu zaitu egitasmoarekin aurrera egitera?

Ni neu animatu naiz proiektu honi ekitera. Nahikoa muga jartzen dizkit Covid-19ak arlo pertsonal eta sozialean (lagunekin egon ezinda, plan handirik egin gabe…), baina, profesionalki ez naute geldituko. Amets bat badaukat, hori lortzeko lan egingo dut.

Bakarrik egingo duzu lan? Edo laguntzarik izango duzu (gaixorik bazaude edo dena delakoarekin ezina baduzu)?

Nire asmoa bakarrik lan egitea da, eta denborarekin, nork daki! Lan handia badago eta negozioa oso ondo baldin badoa, agian beste norbaiten laguntza beharko dut, baina printzipioz, bakarrik egongo naiz. Ondo baino hobeto dakit zer den autonomoa izatea, ama autonomoa dudalako, eta horrelakoetan, katarro sinple bat izanda ere, lanera joan beharra dago.

Zein aurreikuspen dituzu? Uste duzu harrera ona izango duela bizartegiak/ile-apaindegiak?

Harrera ona izango dudala uste dut, jendeak nire proiektuarekiko interesa jarri duelako. Horren adibide garbia da Ermuko ile-apaindegi batean ibili nintzela lanean, eta Eibarko jende asko etortzen zela nik ilea mozteko. Beraz, Ermuan funtzionatu bazuen, Eibarren zergatik ez? Ingurukoen babes handia daukat, ondo joango dela esaten didate; eta gogotik egingo dut lan, horrela izan dadin.

alex mugu

Noiz egongo da martxan? Zein ordutegi izango du?

Udaberrirako martxan jartzea da nire helburua, baina Covid-19aren kontu honekin, udalarekin sinatu beharreko zenbait baimen nahiko motel doaz, eta baliteke beranduxeago zabaldu behar izatea. Erreforma-lanak martxan jartzen direnetik, obrak 2 hilabete inguru iraungo duela aurreikusten dut. Bezeroen beharrei egokitutako ordutegiak jarriko ditut, malgutasunez jokatuko dut horretan.

Dirulaguntzarik jaso duzu gazte ekintzailea izateagatik?

Aurten Koronabirusaren kontuarekin beste mota batzuetako proiektuetara bideratu dira dirulaguntzak, beraz, ezinezkoa izan da. Hala ere, hurrengo urtera begirako laguntzak eskatuko ditut, jakinaren gainean nago.

Zein bide erabiliko duzu zabalkundea edo publizitatea egiteko? Gaur egun sare sozialek ikaragarrizko aukera ematen dute horretarako. Erabiltzeko asmorik daukazu?

Momentuz Instagrameko kontua erabiliko dut (iam_thebarber), uste dut hori dela erreminta sendoena edo erabiliena gazteon artean. Horrez gain, bezero mota guztiengana iristeko, beste hedabide edo medio ezberdinetan ere egingo dut zabalkundea: irratian, prentsan...