Zezen plaza berdegune bat jartzeko botako duten iragarpena “gaizki ulertze” bat izan da, Udalaren arabera

Zezen plaza berdegune bat jartzeko botako duten iragarpena “gaizki ulertze” bat izan da, Udalaren arabera
2022/06/21 eta kitto!
BERRIAko Edu Lartzanguren eta Maria Ortega Zubiate kazetariek landu dute artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Zezen plaza laster botako dutela adierazi zuen Eibarko Udalak duela bi aste. Libre geratuko diren 5.000 metro koadroen inguruan berdegune bat jarriko zutela iragarri zuen erakundeak, ohar baten bidez. Deigarria egin zitzaion askori erabakia, PSE alderdiak gobernatzen baitu udala, eta alderdi horretako idazkari nagusi Eneko Andueza baita zezenketak jendaurrean defendatzen dituzten politikari bakanetako bat Euskal Herrian.

Baina udalak atzera egin du azken egunotan, eta jarrera aldatu du, Gipuzkoako Hitza-ri esan dionez. Oharra «txarto ulertu» zela adierazi dute, eta hedabideekin harremanetan ibili direla euren jarrera «argitzeko». Azaldu dutenez, planean ez dago zezen plaza botatzea. Berdegunea egiteko asmoa dagoela bai, baina horrek ez duela esan nahi zezen plaza nahitaez bota behar dela, «inguruan» ere egin daitekeelako. Lehiaketa publiko bat zabalduko dute orain, eta arkitektoek aurkeztuko dituzte proposamenak. Egitasmorik interesgarrienak plaza eraistea eskatzen badu, orduan erabakiko dute botatzea.

Gipuzkoako Hitza-k luze eta zabal landuko du gaia ostiralean argitaratuko den erreportaje batean.

Anduezaren alderdikideek argudiatu dutenez, plaza ez da behar bezain beste erabiltzen. Azken zezenketa 2009. urtean egin zuten. 2012. urtetik, kirola egiteko bi kantxa daude hondarrean: bat teniserako, eta beste bat futbolerako edo saskibaloirako. 3.300 ikuslerentzako eserlekuak ditu plazak.

Haatik, plazaren azpiko orubea balio handikoa da. Gune zabala eta laua da, halako gutxi dituen hiri ezin trinkoago batean. Eraikina botatzeko eta parke bat egiteko erabakiarekin herritarren bizi kalitatea hobetzeko apustua egin duela esan zuen udalak duela bi aste. «Ohiturak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago eskatzen dira gune zabalak eta kalitatekoak», idatzi zuen Jon Iraola alkateak (PSE).

1903. urtean zabaldu zuten Eibarko zezen plaza. 1936ko gerran kalte handiak pairatu zituen, eta berreraiki egin behar izan zuten. Azken hamarkadetan, udala etengabe saiatu da plazari eusten. Estaliriko plaza egiteko egitasmo bat egin zuten, baina ez zen gauzatu. 2009. urtean, udalak erabaki zuen botatzea, bestelako ikuskizunak eta jarduerak ere egiteko aukera emango lukeen eraikin bat altxatzeko. Baina zezenketazaleak gero eta gutxiago dira, eta, azkenean, plaza bota edo ez bota, zezenari adarretatik heldu beharko diote.