Igor Unanue Osoro, egur lantzearen artisaua: “20 egur-mota inguru erabiltzen ditut piezak egiteko, denak bertokoak”

Igor Unanue Osoro, egur lantzearen artisaua: “20 egur-mota inguru erabiltzen ditut piezak egiteko, denak bertokoak”
2021/05/28 06:55
eta kitto!
Nafarreten (Araba) bizi den Igor Unanue Osoro eibartarrak egur-taila tailerra eskainiko du bihar, 17:00etatik 19:00etara, Kultun. “Jende asko animatzen bada, ez dut arazorik ikastaroa errepikatzeko edo egun gehiagotan egiteko”, diosku. Arratsaldeko saiorako inspirazioa behar duenak goizean Urkizun jarriko duten azokan aurkituko du Unanue, bertan egongo baita bere sorkuntzak saltzen.

 

Zer egingo duzue zura lantzeko tailer horretan?

Bi ariketa erraz proposatuko ditut. Batetik, lauburua borobiltzea (nik pieza prest eramango dut, tailatzeko); eta bestetik, entrelazatuak edo gurutzatuak egitea (aukera bi egongo dira: triskela edo orekaduna).

 

Aurretik egurra lantzen jakin behar da parte hartzeko?

Ezer jakin barik hartu daiteke parte. Nik azalpen batzuk emango ditut (erramintak nola hartu, egurra nola jan, egurraren haria nola irakurri…) eta bakoitzak bere erritmora egingo ditu ariketak.

 

Nondik datorkizu egurrarekiko zaletasuna?

Ama margolaria izanda, txikitatik izan dut marrazteko zaletasuna. Bestetik, aitxitxak pikatuak egiten zituen eta zura ere lantzen zuen, baina kasualitatez hasi nintzen egurraren mundu honetan, kuadrilako baten eraginez. Institutuan geundela, hurrengo pausoa unibertsitatera edo Lanbide Heziketa ikastera joatea zen, eta lagunak zuraren inguruko ikasketak egin behar zituela esan zidan eta berarekin joan nintzen. Hasiera batean albaitaria izan nahi nuen, baina ikasketak Zaragozan egin behar nituela jakin nuenean, akabo!

 

Etxetik gertu geratzea nahi zenuen?

Bai, Donostian egin nituen ikasketak. Bestetik, sasoi horretan Paulino Larrañagak tailerra zuen nire etxearen parean eta berarengana joaten hasi nintzen. Orduak pasatzen nituen han bere musika klasikoarekin.

 

Ez da irakasle txarra!

Berarekin ikasi nuen tailatzen. Donostian egurra lantzen ikasi nuen (altzarigintza, zurgintza…) eta, han amaitu nuenean, Debako arte eskolan egon nintzen urtebete. Gero, begirale etorri nintzen Bernedoko udalekuetara eta egoitza konpontzen hasi ginen Asier Serrano eta biok. Polita gelditu zen.

 

Orduan erabaki zenuen han inguruan bizitzen geratzea?

Lehenengo neguan jangelako mahai eta aulki guztiak egin genituen, eta gero teilatua. Ondoren, lehengusinarekin taberna hartu genuen hemen inguruan eta gero berak lana aurkitu zuen jatetxe batean eta ni tailerra antolatzen hasi nintzen. Borda edo etxe zahar baten bila ibili nintzen eta Nafarreteko etxea erosteko aukera izan nuen. Teilatua erortzen zegoen eta berritu egin nuen.

 

Ordutik, eraikinak berreraikitzen jarraitu duzu?

Ez, egur-taila tailerrak eta klaseak ematen hasi nintzen eskualde mailan; eta gero, nire lana garatu nahi nuenez, azoketarako materiala prestatzen hasi nintzen. 15 urte daramatzat horretan.

 

Egiten duzuna artea edo artisautza da?

Gaur egun dena nahastuta dagoela uste dut. Ez dago argi eta ez da komeni ezer baztertzea. Izatez, artisautza lanabesak egiteko lan-moldea zen, fabrikarik ez zegoelako. Bestetik, egur-taila artearekin lotzen da. Adibidez, tailatutako altzari batek kategoria handiagoa du, baina landu gabeko altzari bat artisautza lana da. Artisautzat daukat neure burua, zura zerotik lantzen dudalako: zuhaitza bota, egurra lehortu eta prozesu guztia egin.

 

Zuhaitza zuk zeu botatzen duzu?

Hemen inguruan negurako egurra eskatzen baduzu, mendi eremu batean zuhaitz jakin batzuk botatzeko baimena ematen dizute. Oso aukera ona da, baina zu arduratu behar zara zuhaitzak mozteaz eta abar. Azkenengoz oso zuhaitz onak tokatu zitzaizkidan.

 

Nolako egur-motak erabiltzea gustatzen zaizu?

Zentzu horretan nahiko berezia naiz. 20 egur-mota inguru erabiltzen ditut, denak hemen hazitakoak. Adibidez, eukaliptoa erabiltzen dut, txalapartaren oholetarako tinbre ona duelako. Hori bai, ez nago hemengo mendietan eukaliptoa landatzearen alde. Ondo egiten bada, tira; baina egiten duten moduan ez dago ondo. Bestetik, gaztaina, lizarra, intxaurra… erabiltzen ditut eta haritza asko gustatzen zait.

 

Pandemia sasoi honetan nola moldatzen zara salmentak egiteko?

Inoiz ez da erraza izan herririk herri produktuak saltzen ibiltzea, beraz, zailduta gaude. Normalean 50 azokatan egoten naiz urtero eta, denak ez direnez egun batekoak, 100 egun inguru egoten naiz azoketan. 30.000 kilometro inguru egiten ditut Euskal Herritik irten barik. Iaz, ostera, hamar azokatan egon nintzen, baina beste hamar tokitan egon nintzen neure kabuz.