Irene Hernando (antzezlea eta antzerki sortzailea): “Berlinen antzerkia egiteko eta sortzeko modu berriak ikasi ditut”

Irene Hernando (antzezlea eta antzerki sortzailea): “Berlinen antzerkia egiteko eta  sortzeko modu  berriak ikasi ditut”
2018/07/13 11:08 eta kitto!
Berlingo Lispa eskolan antzerki-interpretazioko ikasketak egiteko beka eskuratu zuen iaz Irene Hernando eibartar gazteak eta ikasturte osoa egon da Alemanian “antzerki fisikoa” lantzen mundu osoko ikaskide eta irakasleekin. 25 urte ditu eta txikitatik izan du harreman zuzena arte eszenikoekin: etxean, aitarekin eta amarekin hasi zuen ibilbidea eta arlo desberdinetan aritu da: musika, dantza, kantua, antzerkia... Antzerkigintza ikasketak Magisteritzarekin uztartu ditu eta bere ametsetako bat Euskal Herrian haur eta gazteei antzerkia irakastea da.

- Alemaniatik etorri berria zara. LISPA antzerki eskolan ikasten eman duzu azken urtea. Nolako ibilbidea egin duzu horra iritsi arte?
Jaio nintzenetik beti egon naiz oso lotuta arte eszenikoekin. Irakasleak izateaz gain, aitak eta amak txotxongiloak eta antzerkia egiten zuten, Kixka taldea osatzen zuten. Etxean ikusten duzuna azkenean zuretzako eredu bat da, eta gustatzen bazaizu, askoz hobeto. Beraz, oso txikitatik ezagutu dut antzerkia eta baita musika ere. Pianoa ikasi nuen. Gero dantza ikasi nuen, jazz eta dantza garaikidea Bilbon. Eta Eibarko Koru Gaztean urte mordoa ibili naiz.

- Gipuzkoako Foru Aldundiak gazte talentuentzako bekak ateratzen ditu, eta horri esker ikasturte osoa Berlinen igaro duzu. Nola bururatu zitzaizun Alemaniara joatea?
Donostian goizez Magisteritza ikasten nuen bitartean, arratsaldez antzerkia ikasi nuen TAE-n. Baina horrekin ez nuen nahikoa, eta ikastaro asko egin nituen antzerki mota desberdinak ezagutzeko. Bilbon hiruzpalau ikastaro egin nituen, batzuk antzerki fisikoan oinarrituta, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Irakasle batek Berlingo Lispa eskolaz hitz egin zidan. Baina nola joango nintzen Berlinera nire oinarrizko ingelesarekin eta diru barik? Erokeria iruditu zitzaidan hasieran. Orduan Foru Aldundian talentudun gazteentzako beka batzuk zeudela esan zidaten, informatu egin nintzen eta niretzat  ezinezkoa zena egi bihurtu da. Iraletik ekainerarte egon naiz, eta oso gustora gainera!

- Zer da antzerki fisikoa?
Ez da erreza azaltzea. Jacques Lecoq frantziarrak sortu zuen metodoa da. Antzerki fisikoan sormen eta adierazpen bidea gorputza da. Honek ez du esan nahi gidoiak eta prozesu intelektualak alde batera lagatzen direnik; antzerki mota honetan elementu horiek batipat gorputzaren bitartez adierazten dira. Antzerki fisikoaren barruan maskarak, clowna eta askoz ere gauza gehiago lantzen dira. Oso erakargarria da.

- Berlinera joan zara, hizkuntzaren arazoari aurre egin diozu eta ikasturte osoa eman duzu antzerkia egiteko modu berriak ikasten. Zer eman dizu esperientzia berri horrek?
Egia esan, orain ari naiz ikasi dudan guztia asimilatzen, eta gauza eta ideia guztiak ordenatzen. 12 irakasleren klaseak eta mundu osoko konpainia desberdinetako zuzendarien tailerrak izan ditugu. Profesionalki asko ikasi dut eta etorkizunean egin nahi dudana egiteko erraminta pila bat eskuratu ditut, eta hori zen lehenengo helburua. Baina, horretaz gain, badakit zer egin nahi dudan, nondik hasi, ez naiz egongo nondik deitzen didaten itxaroten… Ez, ni ezin naiz geldirik egon. Sortu eta sortu egin  behar dut. Eskola horretan ikusi dudana kalitatea (jendearen kalitatea ere bai), konpromisoa, konstantzia, gogoa, nahia eta beharra izan da. Hori da nik antzerkiarekin sentitzen dudana, eta hori guztia nire ikaskideen baitan ikusteak oso positiboa egin du esperientzia. Eskolako gazteenetakoa nintzen. Jende asko birziklatzera zihoan. Zure ideiatik abiatuta, zure metodo berria edo antzerkia egiteko modu berria sortzen erakusten dizute. Zu izan behar zara sortzaile, produktore, antzezle… dena! Gozada bat! Eta hau da modurik hoberena egiten ari zaren horretan sinesteko. Zure barrutik ateratako proiektua delako.

- Antzerkia egiteko modu berriak, jatorri desberdinetako irakasle eta antzerki-zuzendariak, mundu osotik heldutako ikasleak…
Berlingo Lispa antzerki eskolak mundu osoko ikasleak hartzen ditu urtero. Estatu Batuetakoak, Hego Amerikakoak, europarrak… Aniztasun handia zegoen eta horri esker aukeratu ahal zenuen norekin egin gauzak. Nik hizkuntzarekin beldur handia nuen eta hasieran pentsatzen nuen ahal nuen guztia ikasi ondoren Euskal Herrira bueltatu eta hemen egingo nuela ikasitako guztia. Baina, azkenean, 4 ikaskideren artean konpainia bat sortu dugu, konpainia internazional bat. Astero lan bat aurkeztu behar genuen, Gai bat ematen ziguten eta 20 minutuko antzezlana sortu behar genuen gai horren inguruan. Horietako lan bat egiteko laurak elkartu ginen (Estatu Batuetako bi, Belgikako bat eta ni). Bagenekien elkarrekin nahi genuela egon, ikusten genuelako gauza komunak genituela: erritmo azkarra daukagu, ironikoak gara, umore beltza egiten dugu, sarkasmoa eta kritika erabiltzen dugu… Gure proiektua  eskolan aurkeztu genuenean horrekin jarraitu behar genuela esan ziguten, talde eta gai horrekin. Horregatik, datorren udarako Europako herri eta hiri desberdinetako antzerki jaialdietan izena ematen ari gara orain.

- Eta Euskal Herrian zer?
Nik  Euskal Herrian lan egin nahi dut, euskaraz. Nire helburua antzerkia egitea eta sortzea da, oinarri feminista batetik, ironia, kritika eta sarkasmoa erabiliz. Baina, horrez gain, irakastea maite dut eta antzerkia erakutsi nahi dut. Hezkuntza sisteman antzerkiak (eta arteak orokorrean) lekua izan beharko lukeela uste dut. Ez dut ulertzen futbolean hainbeste haur jardutea eta antzerkigintzan edo arte eszenikoetan hain gutxi. Arazoa da haurrei ez zaiela aukera eskaintzen eta ez zaiela azaltzen zer den antzerkia, eta nolako onurak dakartzan. Eta aukera daukatenean, ez da kalitatezko antzerkia ematen.

- Gainera zuk haurrekin lan egiteko ikasi zenuen.
Bai. Magisteritza ikasi nuen eta haur eta gazte literaturan espezializatu nintzen. Unibertsitatetik irten eta korrika joaten nintzen antzerkia ikastera. Nekatuta nengoen, baina oso gustora, eta gauzak balantzan jartzen banituen, aurrera jarraitzeak merezi zuen. Ezin naiz geldirik egon. Orain, Berlinen ikasturtea amaitu dudanean, “zer egin dezaket udan hobetzeko?” galdetu diet irakasleei, eta “ezer, egon geldi, badakigu zaila dela, baina egon geldi” esan didate. Baina ezin dut. Lana egin behar da, eta kalitatezko gauzak egiteko ezin zara geldirik egon. Oraindik ezin dut aurreratu, baina zenbait proiektu garatzen dihardut Berlinen gero hona ekartzeko.

- Azken finean, beka hauen helburua da zu bezalako jende ekintzaile eta talentuduna formatzea gero ikasitakoa hemen garatzeko.
Bai, horrela da. Baina Euskal Herrian beharrezkoa da horrelako formakuntza izatea. Niri asko gustatzen zait kultura desberdinetako jendearekin nahastea, pila bat ikasi dut eta zorte apurtxo batekin irailean berriro noa, bidaiaren luzapena eskatu baitut, baina zergatik joan behar naiz Berlineraino? Hemen eskola bat sortzea gustatuko litzaidake.

- Gauza asko egin dituzu. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?
Eibarko Koru Gaztean pila bat ikasi nuen. Kriston giroa zegoen taldean. Elena Martin Koruko zuzendaria zoragarria da eta ETB-ko “Oh Happy Day”-ko etapa oso intensoa izan zen. Gustora egotean ez zinen konturatzen zenbat ikasten ari zinen. Azkenean astero plato batera joan behar izateak, abesti batekin, koreografia berri batekin…Horrekin tabla asko lortu genituen denok. Eta gero, beste modu batean, Bergaran egin genuen “Peter Pan” musikala azpimarratuko nuke. Koreografo eta dantzari bezala jardun nuen, eta hor ere oso gustora egon nintzen. Antzerki-irakasle moduan ere ibili naiz ikastetxeetan.Praktika txikietan asko ikasi dut.  Azken finean poliki poliki joan naiz, ez dakit zein den azken puntua (espero dut inoiz ez iristea), baina ikusten dut gutxinaka nora nahi dudan iritsi badakidala eta horregatik pozik nago, helburuak ditudalako.

Irene Hernando-3

Irene Hernando