[IRITZIA Zaldibarko lur-jausia dela eta] “Mugitu da !!!” (Enrike Sosola)

[IRITZIA Zaldibarko lur-jausia dela eta] “Mugitu da !!!” (Enrike Sosola)
ETA KITTO 2020, Ots 12

Negua joan ote da ba? Udaberria aurreratuta dator. Otsaila apirilez mozorrotu da. Ihauteri eta koko-dantzen builarik gabe esnatuko da hartza aurten. Izan ere, natura esnatu da lotalditxotik. San Jose lorak bete betean daude; lizarra berdetzen; bazterrak pinu-hautsez horitzen; belarra luzatzen; txoriak txio amorratuan. Mugida itzela. Hainbestekoa ezeze beste zomorro erraldoia ere esnatu zaigula: Eitzagakoa. Han zaborra mugitu egin da. Mugimendu zitala, goitik beherakoa. Bi behargin irentsi ditu zabor-jausiak. Urteetan halamoduz pilatutako materiala. Begibistatik ezkutatutako zikinkeri amiantoduna. Ustez  toki seguruan, baina ustea ustel bilakatu da. Milaka tonelada etorri da behera eta askoz gehiago erortzeko zorian; eta bultzakadatxoa nahikoa beste zabor-tsunami bat sortzeko. Hori gutxi balitz, suak hartu eta kea dario, Eguarbitza Mordor-eko Orodruin bihurtuz.

Erne! Gogoan duzue esaera zaharra? “Kandelario (otsailak 2) hotz, negua motz. Kandelario bero, negua gero”.

Erruki, aurten, esaerak dioena beteko balitz; hau da, batbateko eurite edo elurtea baletorkigu. Ez dira animalia eta landareak asko larrituko: Hartza zulora bueltatuko da, san juan lorak piskat tristetu, lizarra moteldu, eta belarra etzanaraziko du eguraldi kaskarrak. Besterik ez. Aldiz, Eitzagako egitura ezegonkorra baretu baino, biztu egingo du eguraldi txarrak. Bizkortu eta kili-kolo dagoen eskonbroari behar duen ikutua emango dio behera amiltzeko. Itxura batean geologoak horren jakitun dira eta Bizkaiko Aldundiak mugitu eta erabaki omen du 10 egunetan  6 metrotako murrua eraikitzea A8-a babesteko. Langile desagertuen senideei arreta egiten motelago ibili da.

Naturak erakutsi digu bidea. Mugitzeko ordua da. Gu eta agintariak. Gu kontsumo ohiturak aldatuz zaborra gutxitzeko eta erantzunkizunak eskatzeko beldurrik gabe eta antolatuta (Natur Taldea noizko?). Eta agintariak mugi daitezela behingoz beraien ardurak betetzeko zintzotasunez eta ganoraz. Mugi!!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »