Jaixak Herrixak Herrixandako: “Modu sinbolikoan bada ere, Sanjuanetan presente egongo gara”

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Jaixak Herrixak Herrixandako: “Modu sinbolikoan bada ere, Sanjuanetan presente egongo gara”
ETA KITTO 2020, Eka 22

Jaixak Herrixak Herrixandakoko gazteak Sanjuanetarako egitaraua ilusioz prestatzen ari zirela, COVID-19ak dena hankaz gora ipini zuen. Otsailetik lanean egon arren, ez diete eman ezer antolatzeko baimenik. Hala ere, kalera irtengo dira, jai herrikoi, euskaldun, feminista eta partehartzaileak aldarrikatzera.

Pandemiak aurtengo Sanjuanetarako egitaraua prestatzen ari zinetela harrapatu zintuzten, ezta?

Bai, hala da. Otsailean hasi ginen lehen bilera irekiak Txaltxa Zelaian egiten, oso martxa onea, gainera. Egitarauko gauza asko lotuta genituen, beraz denbora aldetik oso ondo genbiltzan. Gainera, jende berria ere bileretan parte hartzera animatu zen eta oso pozik geunden. Baina, bapatean, koronabirusa ailegatu eta dena bertan behera laga behar izan genuen.

Hala ere,  hasitako lan horrekin aurrera jarraitzen ahalegindu zineten, nahiz eta itxialdian egon. Nola moldatu zineten?

Hasieran 15 bat egunerako kontua izango zela esan zutenez, guk gauzak prestatzen joateko lanean jarraitzea pentsatu genuen. Bilerak egiteko betiko martxan elkartzeko modurik ez zegoenez, telematikoki egiten hasi ginen, nahiz eta ez den gauza bera. Baina itxialdia beste hamabost egun gehiago luzatuko zutela esaten hasi zirenean, eta gero beste hamabost gehiago… honek luze joko zuela ikusi eta konturatu ginen ez zela posible izango Sanjuanak betiko moduan ospatzea eta, beraz, gure egitaraua ere aldatu beharko genuela, ezin izango zela kontzerturik egin, normalean antolatzen ditugun beste gauza asko edo ia gehienak egitea ezinezkoa izango zela… Orduan gure jaietarako proposamena berriro lantzeari ekin genion, baina egoera berrira moldatuta.

Horrekin batera, Jaixak Herrixak Herrixandako eguna antolatu zenuten. Nola joan zen?

Ba oso pozik gaude jendeak eman zuen erantzunarekin. Apirilaren 4an izan zen, beraz itxialdian geunden, eta nahiz eta gauza asko sare sozialen bitartez egin, egunean zehar herri osoa musikarekin girotu genuen eta bestela, egoera normalean guregana gerturatzen ez den jende askok parte hartzea lortu genuela uste dugu. Izan ere, itxialdiak iraun duen bitartean, bizilagunen arteko harremanak asko estutu ziren eta bazegoen horrelako giro berezi bat. Zoritxarrez, kalera irtetzen hasi garenean lehengora bueltatu gara  eta horiek desagertu egin dira.

Nolakoa izan da egoera berrira moldatutako jaiak prestatzea?

Nahiz eta jakin Sanjuanak ezingo ditugula orain arte moduan ospatu, irudimenari ateak zabalik, gure jarduna erantzukizunez eta egoerak eskatzen duen arduraz egokitzeko ahaleginetan lanean ari ginela, prentsaren bidez jakin genuen Udalak bertan behera lagako zuela Sanjuanetako egitaraua. Itxura denez, Jaixak Herrixak Herrixandakotik jai herrikoien alde urteetan egin dugun lanak ez du ezer balio Udalarentzat eta, gurekin ezer kontrastatu aurretik eta guri inolako jakinarazpenik egin gabe, ezertarako baimenik ez ematea eta, beraz, jairik ez egitea erabaki dute.

Gauzak horrela, zer prestatu duzue Sanjuanetarako?

Argi dago jendeak jaiak ospatzeko gogoa baduela eta ez dela etxean geratuko, azken egunotan gure kaleak nola bete diren begiratu baino ez dago. Beraz, jaiak egon egongo dira: tabernetan, elkarte gastronomikoetan, jatetxeetan… Hori bai, eremu pribatuetan eta zuzenean kontsumoari lotuta ospatuko dira, herritarron sozializazio eta aisialdirako beharren gainetik dirua lehenetsita. Zer lortzen dute honekin? Jaien eta aisialdiaren erabateko pribatizazioa. Baina gu ez gara konformatuko eta jai herrikoi, euskaldun, feminista eta partehartzaileen bidean aurrera jarraituko dugu, sekula baino beharrezkoagoak direla ikusten dugulako. Horregatik, gure aletxoa jartzeko ahalegina egingo dugu, eta ohiko egitaraua martxan jartzea bideragarria eta zentzuzkoa ez bada ere, guk gure jai-ereduaren aldeko aldarria egiten jarraituko dugu, ekimen ezberdinen bitartez. Sanjuanetan presente egongo gara, modu sinboliko batean bada ere. Horretarako, Gazte Egunerako beste urte batzuetan egindako kamisetak janzteko eta argazkiak egiteko eskatuko diogu jendeari, txosnetako basoak tabernetan erabiltzeko… Bestalde, jaiak bertan behera lagatzen zituztela jakin aurretik logotipo berria egin genuen eta horrekin txapak atera ditugu. Eta Spotifyn gure balioekin bat datorren musikarekin zerrenda prestatu dugu, nahi duten guztientzat, tabernariei eskeintzera joango gara baita ere. Herritar guztiei kaleak hartu eta jaiak gozatzeko dei egin nahi diegu, beti ere egoerak eskatzen dituen neurriak hartuz, arduraz jokatuz eta elkar zainduz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »