Koko-jantzi jaiarekin gozatzeko sasoia

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Koko-jantzi jaiarekin gozatzeko sasoia
ETA KITTO 2019, Ots 28

Koko-marru eta koko-dantzari konpartsekin jairako girotzen hasi eta gero, gaur sartuko gara bete-betean Aratosteetan. Bazkalostean herriko ikastetxeek kalejirak eta bestelako jarduerak egingo dituzte, eta arratsaldean Adolfo Jainagak eta ikasleek girotutako kalejira abiatuko da Urkizutik, Untzagaraino. Lisker taldekoak Untzagan egongo dira iluntzeraino eta Astixaren eskutik eskulan tailerrak egingo dira baita ere.

Bihar Barixaku Erregularreko egitaraua 20:00etan hasiko da, urtero lez Kaldereroen kalejirarekin. Urkizun elkartuko dira Kezka dantza taldekoak, …eta kitto! Euskara Elkartekoak, Txolartekoak, Ustekabe fanfarrekoak, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldekuak, Untzagako jubilatuen egoitzako abesbatzako kideak, Kaleetan Kantuz taldekoak eta Jainagaren trikitixa eskolakoak eta, denak elkarrekin, kantu eta dantza artean egingo dute Untzagarainoko bidea. Eta Untzagara heltzean, 20:30ak aldera han eskainiko dituzte Kaldereroen abesti eta dantzak. Aratosteetako pregoia, berriz, 21:00etan izango da, Untzagan, eta Eibarko Koru Gazteak irakurriko du. Eta gabean, 23:30etan, “Los chivatos de Ana Frank” taldekoek kontzertua emango dute Untzagan. BilboRock-eko lokaletan sortutako taldeak punk “berezia” egiten du eta osatzen duten musikoen artean eibartarrik be badago. Martin Azpilikueta “El Marto”, Pis “Niño Rata”, Josue Medrano “Niño Agua”, Jushepe Erreti, Mario Fraile, Mikel Rojo “Niño Fuego” eta Joaquin Pedro Gomez dira “Los chivatos de Ana Frank”.

 

Kuadrillak protagonista zapatuan

Aratoste Zapatuan, berriz, eguardian hasiko dira ekitaldiak: 12:00etatik aurrera Untzagako karpan animazioa eta pintxo-potea egongo dira, San Kristobalgo jai batzordekoek girotuta. Horrez gain, 12:30etatik aurrera Rockalean taldekoek jardungo dute Untzaga inguruak zuzeneko musikarekin girotzen, 14:00ak arte. Eta, horrekin batera, nahi duenak erretratua egiteko aukera edukiko du, asmo horrekin Untzaga plazan ipiniko duten “photocall”-ean.

Eta 12:30etan hasiko da Aratosteetako kuadrillen kalejira, parte hartzeko izena eman duten taldeekin. Ustekabe fanfarrekoek lagunduta, Untzagatik abiatuko dira Calbeton, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal eta Toribio Etxebarria kaliak zeharkatu eta Untzagara bueltatzeko.

Arratsaldean, barriz, 18:00etatik aurrera koko-jantzi lehiaketa egingo dute As Burgas Galiziako Etxian. Parte hartzen duten ume guztiek oparia jasoko dute eta hiru onenentzako sariak banatuko dituzte antolatzaileek. Ordu berean abiatuko da Untzagatik Brass Band taldea, kalejiran, eta iluntzera arte ibiliko dira kaleak musikarekin alaitzen. Untzagako karpan, berriz, 18:30etatik 21:30etara umeentzako berbena egongo da, Alaiki taldearekin. Bien bitartean, 19:00etan banatuko dituzte kuadrillen kalejira, ondoen apaindutako taberna eta Aratosteetako kartel lehiaketetako sariak, karpan. Eta eguardian bezala, arratsaldian ere Untzagako “photocall”-ian erretratuak egiteko aukera edukiko du jendeak, 19:00etatik 21:00etara. Eta gabeko 23:30etatik 02:00etara Alaiki taldearen eskutik dantzaldia egingo da Untzagako karpan.

 

Playback lehiaketa domeka arratsaldian

Aratoste Domeka bezperako eguna baino zeozer trankilagoa izango da: goizeko 11:00etan Usartza Txistulari Bandakoek Aratosteetako kalejira hasiko dute. Eta arratsaldeko 17:00etan …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen umeentzako playback lehiaketa hasiko da Untzagako karpan, DJ Arnok girotuta.

Eta jaien azken egunean, Aratoste Martitzenean, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara Untzaga plazan umeentzako jolasak egingo dira, Astixaren eskutik. Jarraian, sardinaren entierro txikia egingo da, trikitilariak lagunduta, eta 19:00etatik aurrera umeentzako diskoteka bihurtuko dute karpa Arima Cool Tour taldekoek.

Eta, horrekin batera, Untzagako jubilatu etxekoak ere Aratosteak ospatuko dituzte, 19:15etan hasiko dan dantzaldiarekin. Gainera, koko-jantzi onenei saria emango die.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »