Osasun egoerara moldatutako egitaraua prestatzen ari dira Aratosteetarako

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Osasun egoerara moldatutako egitaraua prestatzen ari dira Aratosteetarako
ETA KITTO 2022, Ots 04

Osasun egoerara moldatutako egitaraua prestatzeko lanean dihardute Udaleko Kultura sailean Aratosteak ospatzeko, gaur goizean eman duten prentsaurrekoan adierazi dutenez Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Luis González Kultura Sailaren arduradunak. Zeregin horretan herriko kolektibo eta elkarteekin batera dihardute eta gaur aurkeztu dutena egitarauaren zirriborroa baino ez da. Hala ere, jarduera batzuk egitea aurreikusten dutela aurreratu dute. Besteak beste, eskolek hala eskatuta, Eguen Zuri egunean ikastetxeen kalejira egiteko asmoa daukate, baita Kaldereroena ere, Barixaku Erregularrean. Eta Aratoste Domekan Usartza Txistulari Taldeak kalejira egingo du. Horrez gain, Kezka dantza taldearen eskutik Koko-dantzak egingo dira otsailaren 19an: goizez baserririk baserri ibiliko dira eta arratsaldean, berriz, herriko kaleetan kalejira egin nahi dute. Eta kaleak musikarekin alaitzeko, Ustekabe eta beste fanfarre batzuekin kontaktuan daudela gaineratu dute. Horrez gain, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen duen play-back lehiaketa ere egingo da, “jendea pilatzea saihesteko, modu digitalean, beraiek proposatuta”.

Orohar, antolatuko diren jarduerak “egunez, aire librean eta toki batetik bestera mugitzen” izango direla azaldu dute, betiere jende asko toki berean batzea saihestu nahi dutelako. Esan dutenez, behin betiko egitaraua datozen egunetan joango dira zehazten.

Alkatearen berbetan, “Aratosteak ospatu ala ez hausnartu ondoren, erabaki dugu eibartarrei jai batzuk eskaintzea, ahal den neurrian kaleko jai-giroa berreskuratzeko aukera izateko. Hala ere, jarduerek beharrezkoak diren neurriak beteko dituzte uneoro”.

Bestalde, gaurko prentsaurrekoan eman dute jaiak iragartzeko egin den kartel lehiaketaren emaitzaren berri.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »