Julen Zabaleta Barrenetxeak jasoko du Gure Balioak Saria 2018

0    Berriak 
Silbia
Julen Zabaleta Barrenetxeak jasoko du Gure Balioak Saria 2018
2018, Urr 09

Urriaren 25ean Mallabiko pilotalekuan, 19:00etan egingo den sari banaketa ekitaldian jasoko du Julen Zabaleta Barrenetxeak Gure Balioak Saria 2018, “bere legatu historiko-artistiko garrantzitsuarengatik”. Sortzez elgoibartarra, baina orain dela 60 urte baino gehiago Eibarren bizi den Zabaletak ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen horretarako talentu berezia. Gaur egun, 97 urterekin, marrazten jarraitzen du, “maisuki eta trazu sendoz”. Epaimahaiak “bere talentua, ekimena eta izaera altruista” nabarmendu ditu eta, gaineratu duenez, “Zabaletaren obraren bidez Debabarreneko eskualdearen aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke”. Horrekin batera, nabarmentzekoa da liburu ilustratzaile gisa Julen Zabaletak egin duen ibilbide emankorra, “eta ez du inoiz zalantzarik egin bere marrazkiak uzterako orduan, trukean ezer eskatu gabe”. Elgoibar, Eibar eta, oro har, Debabarreneko eskualdeari oso loturik egon da, eta azken hamarkadetan gogotik marraztu du gure herrietako eraikin eta alderdi esanguratsuenak erralismo eta zehaztasun handiz jasoz.

Debegesa Garapen Agentziak sustatzen du Gure Balioak Saria 2010. urteaz geroztik eta Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakundea aitortzea du helburu. Julen Zabaleta Barrenetxea izango da Gure Balioak Saria jasoko duen bederatzigarren pertsona eta saridunak Juan Luis Baroja Collet artistak sari honetarako bereziki diseinatutako eskultura bat jasoko du.

Julen Zabaleta Barrenetxeari buruz

Elgoibarren jaioa, orain dela 60 bat urte Eibarren bizi da. Sei urterekin aitak bere lehen arkatza oparitu zion eta ordutik egun bakar batean ere ez dio marrazteari utzi. 97 urterekin marrazten jarraitzen du. Makina-erramintaren arloko hainbat enpresatan lan egindakoa da, delineatzaile eta proiektugile gisa, makinen marrazkiak eta argibide-liburuetarako makinen funtzionamendua azaltzen zuten krokisak egiten. 15 urte zituela hasi zen lanean, Elgoibarko forjetan lehenengo eta ondoren Ciaran, Jarbe, Goiti eta Danobaten. Azken honetan hartu zuen erretiroa, 1986an.

Bere trebeziari eta konstantziari esker 7.000 marrazki inguru egin ditu luma-muturrez, Debabarreneko herrietako eta Euskal Herriko eraikin eta alderdi esanguratsuenak jasoz. Gipuzkoako ermita guztiak eta Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako gehientsuenak marraztu ditu, baita eliza, eraikin publiko, baserri, dorretxe, lantegi, garai bateko ogibide eta tradizioak, etabar. Irudi horiek guztiak ondo gordeta dauzka etxean, ederki sailkatuta.

Nabarmena da, halaber, liburu ilustratzaile gisa egin duen ibilbidea. Asko eta asko dira bere marrazkiak jaso dituzten argitalpenak, besteak beste, Pan-Pin Zeruko Argia aldizkariak 1960-1969 urte bitartean argitaratu zuen komiki-aldizkaria, Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Elgoibar, iragana eta oraina (2008), bere koinatu Juan San Martin idazle eibatarraren  Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. Mendeko euskaldunen istorioak (2006), Ramiro Larrañagaren Armeros vascos (2001), Jose Antonio Azpiazuren Historia de un rapto (1999), Historia de Corsarios vascos (2005) eta Esa enfermedad tan negra. La peste que asoló Euskal Herria (1597-1600) (2011), Javier Carballoren Convento San José de la Carmelitas descalzas (2008) edota bere lagun Carmelo Urdangarin ikerlariak (Gure Balioak Saria 2013) argitaratutako Oficios Tradicionales bildumako liburuak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »