Areitioren alde egin zuten Eibar FT-ko akziodunek Kirol Hiria egiteko

Areitioren alde egin zuten Eibar FT-ko akziodunek Kirol Hiria egiteko
2018/10/25 eta kitto!
Atzo arratsaldean Coliseoan egindako Batzarrean Eibar FT-ko akziodunek Areitio aukeratu zuten Kirol Hiria bertan egiteko. 11.692 botok egin zuten toki horren alde eta 6.017k Azitainen egiteko proposamenaren alde egin zuten. Azken horiek botoen herena baino gehiago eskuratuta ere, urruti geratu zen beste proposamenak lortutakotik. Botoa emateko orduan 17.827 akzioren parte-hartzea izan zen, kapital sozialaren %38,7 ordezkatuz, eta guztira 1.827 akziodun izan ziren parte hartu zutenak. Zuzendaritzaren asmoa da lau foball zelai eta eraikin bat egitea Mallabiko gunean eta, horretarako, 16 milioi euro inguru erabiltzeko asmoa dute, gutxi gorabehera urte eta erdian egin beharreko epearekin. Akziodunek hartutako erabakiak klubeko administrazio kontseiluaren apostua bermatzen du.

Bestalde, klubaren aurrekontua 49 milioi eurora heldu da aurten, bere bizitzan izan duen handiena, 1. mailan jokatzen diharduen bosgarren denboraldian jarraian. Azken denboraldian, gainera, Eibar FT-k 13 milioi euroko irabaziak izan ditu eta, orain arte aurreztutako 38 milioiei esker, Kirol Hiria bere kabuz egiteko asmoa burutu dezake. Ez hori bakarrik, kamiseta gorriurdinekin jokatzen duten taldeak 24 dira-eta gaur egun, inoiz izan duen kopururik handiena.