Autoekiko zaletasunak ez du frenorik Anton Beroizentzat

Autoekiko zaletasunak ez du frenorik Anton Beroizentzat
2019/01/11 eta kitto!
Hamazortzi urte bete eta handik hiru hilabetera atera zuen kotxeko karneta Anton Beroizek. Autoak ziren bere pasioa (eta izaten jarraitzen dute), eta muga legala gaindituta, lau gurpilen gainean gozatzeko aukera iritsi zitzaion. Orduan etorri ziren Rallye Sports denda, lehen autoa, rallyak, auto-igoerak (Arrateko Igoera gehien egin dituen pilotua da), mila abentura eta baita ezustekoren bat ere. Ia mende erdia iraun duen zaletasuna. Hala ere, motorrak, autoekiko maitasunak, piztuta jarraitzen du.

 

Gurasoek Donosti taberna zuten Barrena kalean, eta biltegian lasterketetarako autoen osagarriak eta ordezko piezak saltzeko denda txiki bat jartzeko konbentzitu zituen Anton Beroizek. Rallye Sport izena jarri zion eta Eibar eta inguruko herrietako auto-lasterketetako zaleen bilgune bihurtu zen hasieratik. Gurasoek taberna itxi zutenean tabernaren lokala hartu zuen Beroizek eta, osagarrien denda mantentzeaz gain, autoak saltzen hasi zen. Autoekiko pasioa eta lanbidea elkarrekin hazi ziren, batak bestea elikatuz, eta lau gurpilen inguruko maitasunak beste pauso bat ematera bultzatu zuen: lasterketetan ibiltzea.

1971. urteko Arrateko Igoeran egin zuen debuta Beroizek auto-lasterketetan. “Kaleko autoarekin egin nuen igoera”, gogoratzen du Beroizek, “Seat 124 batekin”. Aldaketa txiki batzuk egin zizkion, baina bestela egunerokoan erabiltzen zuen autoa zen. “Neska-lagunarekin ibiltzeko, hondartzara joateko, erosketak egiteko… erabiltzen nuen. Sasoi hartan normala zen kaleko autoekin lehiatzea, baina orain gauzak asko aldatu dira, lasterketetarako auto espezifikoak erabiltzen direlako”.

 

Babesleekin lehiatzen

Arrateko Igoera egin eta gero lasterketa gehiago etorri ziren eta eskaintza erakargarria jaso zuen Beroizek. “Behin Seat Otola tailerretik pasa behar nintzen eta autoan euren publizitatea jartzeko eskaera egin zidaten, kotxeak lasterketetan izan zitzakeen arazoak tailerrean konpontzearen truke”. Beroizi ideia bikaina iruditu zitzaion, sasoi hartan ez zelako normala horrelako babesa jasotzea. Seat 1430 batekin lehiatzen zen orduan, bere bigarren autoarekin, eta lasterketa bakoitzerako kotxea fin-fin uzten zioten.

Seat Otolakoekin babesleen bidea ireki eta gero, beste pauso bat eman zuen Beroizek Ramon Idigoras, Evaristo Valdes eta Miguelon Larrañagarekin. Ermutik Mallabiara bidean dagoen Egui enpresako Jesus Lizarralde gerentearekin berba egin zuten eta automobil-taldea jarri zuten martxan. Eguiren babesarekin lasterketa handiagoetan parte hartzeko aukera izan zuten, baita nazioarteko mailako txapelketetan ere, “eta emaitza politak lortu genituen”. Taldeko auto-gidari bakoitzak auto ezberdina zuen eta maila ezberdinetan lehiatzen ziren. Beroiz 2. mailako autoarekin ibiltzen zen.

Eguiren babesa garrantzitsua izan zen, baina ondoren iritsi zitzaion aukera ez zen gutxiagorako izan. 1978an Espainian Ford Fiesta autoa saltzen hasi ziren eta Ford Olaeta kontzesionarioko zuzendari nagusiak, Carmelo Benaventek, ukatu ezin zuen eskaera egin zion Beroizi. “Zer iruditzen zaizu lasterketetarako autoa egiten badut?”, esan zion Benaventek. “Lehiatzen hasi behar zara orain, Carmelo?”, erantzun zion azkenak. “Ez, nik ez daukat adorerik, zuretzat egin nahi dut”. Beroiz harrituta geratu zen. “Bikain!”. Sasoi hartan ez zen batere arrunta lasterketetan aritzeko babesa jasotzea eta are gutxiago lasterketetan ibiltzeko autoa jasotzea. “Lasterketetarako Ford Fiesta bat jaso duen lehen auto-gidari eibartarra izan nintzen”. Beroizek berba onak besterik ez ditu Benaventerentzat, baina baita abentura honetan lagundu zion Jose Matin Kaperotxipirentzat ere. “Eta euren emazteentzat!”.

 

Egun beltza Laudion

Urte bi egin zituen Ford Fiestarekin, inoiz izan duen istripu handiena iritsi arte. Laudion gertatu zen 1980ko uztailaren 13an, baina orain gertatu izan balitz bezala gogoratzen du momentu hura Beroizek. “Bide zuzen batetik nindoan, azeleragailua guztiz sakatuta, autoa ezkerrerantz biratzen hasi zela sentitu nuen eta bapatean… danba! Paretaren aurka jo nuen, autoak hogei metro egin zituen arrastaka eta iraulita geratu nintzen”. Bularrezurra hautsi zuen, ezin zuen arnasarik hartu, mingaina moztu zitzaion eta ezin zen autotik irten.

Bere atzetik Juantxo Gastesi zetorren eta berebizikoa izan zen honen laguntza. “Lasterketa irabazteko lehian zebilen, baina istripua ikusi zuenean laguntzeko geratu zen”. Orduan ez zegoen anbulantziarik lasterketaren tarte guztietan eta Beroizen egoera oso larria zen. “Ahalik eta azkarren joan behar ginen ospitalera, baina azkar joan ginenez demaseko mina hartzen nuen edozein mugimendurekin”. Bost kilometrotara zegoen Artziniegako anbulatoriora iritsi ziren, Gastesi lasterketara itzuli zen eta Beroiz Gurutzetako ospitalera eraman zuten anbulantzian. “Anbulantziaren atzeko atea ez zuten ondo itxi eta atzeko aldean bakarrik nindoan. Ezin nuen oihurik egin eta gerriko bati eutsita egin nuen bide guztia, demaseko minarekin”. Ospitalean ez ziren minak amaitu. “Esku-ohean etzan ninduten eta, urgentziazko kontua zenez, bizkor eraman nahi ninduten azterketak egitera, baina erizain batek ez zuen bihurgune bat ondo neurtu eta esku-ohetik jausi nintzen”. Lau gurpilen gainean Beroizek izan duen egunik beltzena, duda barik.

 

Auto klasikoen xarma

Istripu larriaren ondoren Beroizek ez zuen galdu autoekiko maitasuna eta hamaika hilabete geroago lehian zebilen berriz ere. Arrateko Igoeran, nola ez. ”Lasterketa hartan ere autoa ez zebilen ondo eta istripua izango nuela pentsatu nuen, baina azkenean ez nuen ezustekorik izan”.

Rally Euskal-Nafarrean, Firestone Nazioarteko Rallyan eta beste hainbat lasterketa handitan ibili eta gero, abiadura nagusitzen den txapelketak utzi zituen. “1990etik 1998ra ez nuen lasterketarik ikusi ere egin”, eta poliki-poliki motorraren munduan berriz sartzen hasi eta gero, 2006an rally klasikoetan hasi zen Beroiz bere seme Ibanekin.

Gutxienez 25 urte dituzten autoak lehiatzen dira rally klasikoetan eta ez dituzte abiadura handia hartzen uzten dizkioten gehigarririk. Autoak ezin dira 49,9 km/h baino bizkorrago joan eta errepide irekian lehiatzen dira, ez trafikoari itxitako bideetan. “Ematen duena baino askoz ere zailagoa da horrelako rallyetan lehiatzea”, Beroizen ustez, “eta kopilotuaren lana berebizikoa da”. Bere semeak egiten zuen lan hori eta Antonek autoa gidatzen zuen.

Gaur egun utzita dauka lehiaketen mundua, baina bueltatzeko asmoa dauka Beroizek. “Polita da semearekin lehiatzea eta lasterketaren bat gehiago egin nahi dut berarekin”. 48 urte pasa dira auto-lasterketetan debuta egin zuenetik, baina autoekiko pasioak bizirik jarraitzen du. 48 urte rally, lasterketa-tarte, denbora, parke itxi, lagunak diren arerio, asistentzia eta areka artean. 48 urte lau gurpilen gainean.