Bi garaipen hiru egunetan Hierros Servando Eibar Eskubaloiarentzat

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Bi garaipen hiru egunetan Hierros Servando Eibar Eskubaloiarentzat
ETA KITTO 2021, Ots 01

Eskubaloiko 1. Maila Nazionalean jokatzen duen Hierros Servando taldeak asteburu zaila zuen aurretik, barixakuan Helvetia Anaitasuna liderraren eta domekan sailkapenean postu bat atzetik zuen Beti Onaken bisita zuelako Ipuruan, baina Fernando Fernandezen mutilek bikain erantzun zioten erronkari.

Eibartarrek 37-28 irabazi zioten liderrari barixakuan eta domekan, nekea igarri arren, 26-34 gailendu zitzaien Beti Onakekoei. Beraz, hiru egunetan lau puntu lortu ondoren, Fernandezek gidatzen duen taldea 2. postura igo da eta iaz baino 10 puntu gehiagorekin amaitu du lehen itzulia.

Eibar Eskubaloiko beste taldeei begira, Hierros Servando B-k 26-33 irabazi zion Aritzbatalde Tabernari, jubeniletako Grupo Mecalbek 3-31 Ormaiztegiri, jubeniletako Hierros Fernandezek 34-23 Hettichi eta asteburuko porrot bakarra jubeniletako Hierros Servando B jasan zuen, Amenabar 16-26 nagusi izan baitzen.

 

Lan-saioak bertan behera

Gaur goizean jakinarazi dutenez, Eibar eremu gorrian sartu da koronabirusaren intzidentzia-tasa 500dik gorakoa delako eta, ondorioz, talde-kirola egitea debekatu egin dute. Eibar Eskubaloiko taldeen entrenamenduak bertan behera laga dituzte, 1. Maila Nazionaleko taldearena ezik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »