Deporreko 35 mendizalek Zubietatik Leitzarako ibilbidea osatu zuten aurreko zapatuan

Deporreko 35 mendizalek Zubietatik Leitzarako ibilbidea osatu zuten aurreko zapatuan
2023/02/14 10:43
eta kitto!
Herri Txikiak irteeretako hirugarrena osatu zuten aurreko zapatuan Eibarko Klub Deportiboko Mendi Batzordeak antolatutako txangoan. Eguraldi hotzari eguzkiak bere kontrapuntua ezarri zion eta ondo baino hobeto gozatu zuten haraino abiatutako 35 mendizalek. Hurrengo irteera oso aproposa da mendiaz gozatu nahi duzuen guztiontzat, Elgoibarko Morkaiko mendizale elkartekoekin batera sagardotegi batera joango direlako. Ibilbidea ere polita eta erraza izango da, “gero ospakizun handiarekin amaitzeko”. Iturraran, Aia, Murugil eta Zarautz zain dituzue animatzen zaretenok!

Jarraian duzue Antxon Narbaizak joan zen zapatuko irteeraren inguruan egindako errelatoa:

35 mendizale irten gara Malerrekako herri polit den Zubietatik, gainez gain, Leitzara iristeko. Eibarren hotz egiten zuen baita Zubietan ere. Baina eguzkiak argitzen zuen ederto gure irteera puntuan, nahiz eta oraindik berotzen ez. Aldatsa xutak hasieran, pagadi ugarien barrena gora eta gora. Zenbat eta zenbat gorago orduan eta elur gehiago zapaltzen hasi gara. Elur gogorra baina arriskurik gabea, bota ondo finkatzen baitzen elurretan. Lehenengo tontorra Lizartzeta (849 m.) izan dugu. Aurrez aurre beste mendisokan, Mendaur, Mendieder, Ekaitza, Ezinbestekoa GPSaren laguntza ez baita beti marka edo taketik agertzen bidezidorretan. Lexarburu izan da hurrengoa (916 m.). Pagadien edertasuna, belardien txukuntasuna, ikuspegi bikainak nonahi (Euskalerriko mendiak, itsasaldea, Pirineoak), Naturaren adierazpen ederrez gozatzen! Gure gorako bideak, Soingo Gaina erakutsi digu tamalez antenaz mukuru (1037 m.) . Arriurdineta (1059 m.) eta, batez ere, gaurko erpinik garaiena, Irakurri (1142 m.) altxatu ditugu ondoren. Gure ahaleginak saria izan du eta, goitik beherakoa, lasaia izan da; emeki-emeki elurra lurmentzen ikusi dugu, otea eta  erratza nagusi, zelaietan barrena, Leitza herrira hurbilduz joan gara. Plazaolako tunelak (hiru) zeharkatu ondoren herrira jaitsi eta gure egarria ederki gobernatu dugu, sei ordu eta erdiren ondoren.