Eibar Eskubaloiak garaipen garrantzitsua lortu zuen Zaragozan

Eibar Eskubaloiak garaipen garrantzitsua lortu zuen Zaragozan
2020/03/09 eta kitto!
Sailkapen orokorreko azken postuetatik ihes egiteko balio dituen bi puntu eskuratu zituen 1. Nazional Mailako Somos Eibarrek Dominicos Zaragozaren kantxan (25-27), modu horretan aragoiarrak harrapatzeko sailkapenean. Eibar Eskubaloiko senior mailako beste bi taldeak ere garaile izan ziren zapatu horretan: emakumezkoen Mecalbek 22-26 irabazi zion Munttarperi Lezon eta gizonezkoen bigarren taldeak 26-25 gol bakarrarengatik gainditu zuen Aritzbatalde Zarautz Ipuruan.

ERRUGBIAN ere jardunaldi ona izan zen eibartarrentzat, Ohorezko B Mailan jokatzen duten senior talde bien garaipenekin. Emakumezkoen taldeak, orain arte jokatutakoen arteko partidu borrokatuenean Les Abelles taldeari 29-45 irabazi zion Valentzian eta partidurik galdu gabe amaitu du fase hori. Gizonezkoen taldea, bestalde, 17-19 gailendu zitzaion Oviedo azken sailkatuari eta, garaipen horrekin, Gaztedirekin berdinduta dugu sailkapenean, azken jardunaldian Unben jokatu beharreko partiduaren zain.

SASKIBALOIAN, probintziako 3. Mailan jokatzen duen Avia Eibarrek partidu zaila atera zuen aurrera, Ipuruan Andoaingo Zurrut-i 72-68 irabaziz. Emaitza horrekin, multzoaren goiko aldean kokatzen dira eibartarrak. Junior mailako nesken taldea ere garaile izan zen Bera Bera Uliaren kantxan (24-33).

WATERPOLOAN, Euskal Herriko 1. Mailako ligaren lehen postua zegoen jokoan Orbeako igerilekuan jokatutako partiduan eta denboraldi ezin bikainagoa egiten diharduen Urbateko emakumezkoen taldeak amore eman behar izan zuen azkenean Bidasoaren aurrean (6-8). Gizonezkoen taldeak, bestalde, sendo jarraitzen du lidergoan eta azken jardunaldian ere erraz irabazi zuen: Larraina 4 Urbat 23.

FOBALLEAN, 1. Mailako Eibarrena ez zen izan jardunaldiko porrot bakarra azken jardunaldian. Mallorcarekin 1-2 galdu zuenarekin batera, Ohorezko Erregional Mailan Eibar Urkok 3-2 galdu zuen Mutrikun, 1. Erregionaleko igoera fasean Eibartarrak galtzaile izan zen Zestoarekin Unben (0-1) eta, jubeniletan,, Ohorezko Maila Nazionalean Eibarrek 0-2 galdu zuen Realarekin eta Euskal Ligan bigarren taldeak 2-1 Indartsuren zelaian. Hala ere, hainbat garaipen ere eskuratu zituzten herriko taldeek: 3. Mailan Vitoriak 2-0 garaitu zuen Santurtzi Unben, emakumezkoen bigarren taldeak 1-4 irabazi zuen Leioan Euskal Ligako partiduan, 1. Erregionaleko igoera fasean Urkik 1-4 irabazi zion Bergarari eta emakumezkoen Gorengoen mailan Eibar garaipenarekin bueltatu zen Pasaiatik, Allerruri 0-3 gailenduta.

ATLETISMOAN, azkenik, Odei Jainagak brontzezko domina eskuratu zuen Jaurtiketa Luzeen Neguko Espainiako Txapelketan. Atleta eibartarrak 75,03 metrora jaurtik zuen jabalina, eta Manu (79,70 metro) eta Nico Quijera (76,31 metro) anaien atzetik geratu zen.

Asteburuko emaitza guztiak ikusgai dituzue KIROL EMAITZAK orrialdean.