[KIROL EMAITZAK] Eibar Urko lider bakarra Erregional Ohorezko Mailan

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
[KIROL EMAITZAK] Eibar Urko lider bakarra Erregional Ohorezko Mailan
ETA KITTO 2019, Abe 02

Denboraldi hasiera onik ez bazuen izan ere, azken bi hilabeteetako partidu guztiak irabazita Eibat FT-ko erregional mailako ordezkariak sailkapeneko lehen postuan dugu, bigarrenari hiru puntuko aldea kenduz. Azken jardunaldian 3-1 nagusitu zitzaion Real Unioni Unben. Eibar FT-ko talde nagusientzat ez zen asteburu ona izan azken hau: 1. Mailako gizonezkoen taldeak 4-1 galdu zuen Realarekin Donostian eta 2. Mailako emakumezkoenak bana berdindu egin zuen Atletico de Madrid B-rekin Madrilen. Azken emaitza hori ez da txarra, baina eibartarrek ezin izan dute azken hiru partiduetan garaipenik lortu eta goiko postuetatik aldentzen dihardute. Viroria filialak 1-0 irabazi zion Soduperi eta goiko postuetako borrokan jarraitzen du. Emakumezkoen Euskal Ligako ordezkaria 2-1 gailendu zitzaion Goierri Gorriri eta sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du. 1. Erregionalean, Urkik ezin izan zuen Zestoa liderarrekin Unben (2-3) eta, bigarren jarraitzen badu ere, zestoarrekiko aldea handitu egin da; Eibartarrak-ek, bestalde, 2-4 irabazi zion Aloña Mendiri Oñatin. Foballeko harrobiari begira, Eibar FT-ko ordezkariak indartsu jarraitzen dute, euren sailkapenetako goiko postuetan: azken jardunaldian, jubeniletan, Ohorezko Maila Nazionaleko taldeak 6-0 irabazi zion Pamplonari eta Euskal Ligakoak 2-0 galdu zuen Alavesekin Gasteizen; eta kadeteetako Euskal Ligan eibartarrak garaile bueltatu ziren Bilbotik, Indautxuri 1-3 irabazita.

Eskubaloian, ez zen porrotik izan senior mailako hiru taldeetan, baina euretako bik berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Emakumezkoen Grupo Mecalbek 19-22 irabazi zion Legazpin Oskarbiri eta, gizonezkotan, 1. Maila Nazionalean Somosek 25na berdindu zuen Elgoibarren Alcorta azken sailkatuaren aurkako partiduan eta Haritzak 27na berdindu zuen Zarautzen Aritzbatalderekin.

Errugbian, saskibaloian eta waterpoloan asteburu ona izan dute kirol modalitate horietako talde nagusiek. Errugbian, Ohorezko B Mailako norgehiagokan gizonezkoen Avia Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu zuen Oviedoren aurrean (17-10), beheko postuetatik ihes egiteko borroka berean sartuta dauden lehia zuzenean. Saskibaloian, garrantzi berekoa da Avia Eibarrek Zurrut SK-ren kantxan eskuratutako garaipena (45-48), aurreko asteburu bietako porroten ondoren. Waterpoloan, bestalde, garaipen bidetik jarraitzen dute Davide Cerchik prestatutakoek eta senior mailako talde biak erraz nagusitu ziren: gizonezkoen taldeak 15-4 irabazi zion CD Bilbaori Orbea kiroldegian eta emakumezkoena 5-12 gailendu zitzaion Lauro Ikastolari kanpoan.

Azkenik, pilota jaialdi bikaina izan zen San Andres egunean Astelenako Katedralean. Frontoia zaletuz lepo izan zen eta partiduek ere ondo erantzun zieten aurretik sortutako itxaropenei. Lehenengoan Aitor Mendizabalek agur esan zion Asperekin zortzi urtetan izandako loturari eta Antzuolatik etorritako lagunen aurrean partidu bikaina osatu zuen, azkenean 22-9 irabazteko. Partidu nagusian, binakako txapelketako bigarren jardunaldikoan, 21na berdindu zuten Irribarria/Rezusta eta Ezkurdia/Martija bikoteek azken tantoa buruz-buruko txapeldunaren alde erortzeko azken unean, 18-11 galtzen joan eta gero. Promozio mailako binakako txapelketako partiduak itxi zuen jaialdian, Agirre/Eskiroz bikotea Peña/Aranguren baino gehiago izan zen eta 22-15 irabazi zuen.

Emaitza guztiak daude ikusgai KIROL EMAITZAK orrialdean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »