Eskubaloiko zilarrezko mailarako igoera fasea jokatuko da Ipurua kiroldegian asteburuan

Eskubaloiko zilarrezko mailarako igoera fasea jokatuko da Ipurua kiroldegian asteburuan
2022/05/25 17:41
eta kitto!
Gizonezkoen eskubaloiko ohorezko zilarrezko ACE mailara igotzeko fasea hartuko du Ipurua kiroldegiak barixakutik domekara bitartean. Guztira sei partida jokatuko dituzte CD Santoña, Eskubaloi Ikasa, Oar Gracia Sabadell eta Arrate Eibar Eskubaloia taldeek. Eibar Eskubaloia etxeko taldeak hiru partida jokatuko ditu asteburuan zehar: barixakuan, 19:45ean, Oar Gracia Sabadellen aurka arituko dira eibartarrak; zapatuan, 18:45ean, Balonmano Ikasa Madrilgo taldearen aurka jokatuko dute; eta domekan, 12:30ean, CB Santoñaren aurka jokatuko dute igoera faseko azken partida.

Horren berri eman dute gaur goizean Jon Iraola alkateak, Ander Curiel kirol zinegotziak eta Jon Mikel Lejardi Eibar Eskubaloia taldeko lehendakariordeak prentsaurrekoan. Aipatutako hiru partidez gain, barixakuan 17:30ean CB Santoñaren eta Ikasa eskubaloiaren arteko norgehiagoka jokatuko da; zapatuan 16:30ean hasiko da CB Santoñaren eta Oar Gracia Sabadellen arteko norgehiagoka; eta azken honek Ikasa eskubaloiaren aurka jokatuko du domekan, 10:30ean.
Azaldutakoaren arabera, Eibar Eskubaloia taldeak bigarren urtez jarraian jokatuko du igoera fase honetan, baina oraingoan lehen aldiz etxean izango dira partiduak eta, alde horretatik, taldeak ilusio bereziarekin egingo die aurre aurkariei, maila igotzeko esperantzarekin.
Igoera fase honetako partida guztiak biltzen dituzten bonuak dagoeneko salgai daude Eibar Eskubaloiaren webgunean eta Toribio Etxebarria kaleko Ez Dok tabernan. Salneurria 25 eurokoa da (doan 7 urtetik beherakoentzat). Eta barixakutik aurrera leihatilan ere erosi ahal izango dira sarrerak (egun bakoitzeko bi partiduak ikusteko txartelak 10 euro balio du). Gainera, bazkide guztiek hiru egunerako doako bonua jaso dezakete txarteldegian.

Argazki erakusketa zapatura arte

Bestalde, aurreko barixakuaz geroztik Errebal Plazan ikus daitekeen erakusketak oso harrera ona izaten ari dela ikusita, zapatura arte luzatzea erabaki dute: gaur 18:00etatik 20:00etara joan daiteke ikustera; bihar 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara; eta barixakuan eta zapatuan 11:00etatik 13:00era.

eskubaloi kartel