Euskal Herriko 100 mendi ederrenak Deporren eskutik

Euskal Herriko 100 mendi ederrenak Deporren eskutik
2018/10/25 09:59
eta kitto!
Klub Deportiboko mendizaleek, “jubilazioak dakarren denbora librea baliatuz”, ‘Euskal Herriko 100 mendi ederrenak’ proiektua garatu dute. Azken urteotan mendirik mendi ibili dira eta gure lurraldeko 100 mendi ederrenak bildu ditu webgune batean (Arabako 20, Bizkaiko 20, Gipuzkoako 20, Iparraldeko 10 eta Nafarroako 30). Mendi bakoitzaren informazio praktikoa, trackak, argazkiak, bazkaltzeko leku aproposak eta abar jaso dute bertan. Informazio praktiko eta erabilgarria edozein mendizalerentzat.

Julian Etxeberria, Andoni Zendoia eta Angel Treviño izan dira proiektuaren antolatzaileak, eta Roberto Larrañaga eta Mikel Lizarriturriren laguntza jaso dute hasieratik. Gaur egun 12 pertsona baino gehiagok hartzen du parte eta taldea handitzen doa.

Honako irizpideak jarraitu dituzte ekimena martxan jartzeko: “gure irizpide eta esperientzia pertsonalak erabiliko ditugu soilik, 100 mendi ederrenak aukeratzekoan; Euskal Herriko lurralde guztiko mendiak ipiniko ditugu, ahalik eta mendi-kate eta bailara gehien ezagutzeko; ahal denean ibilaldiak trabesiak izango dira, herri eta inguru gutxi ezagutuak ikusteko aukera gehiago izango dugulakoan; ez dugu egutegi finkorik izango, libre gaudenean eta eguraldia alde dugunean joango gara; denen iritziak entzun ondoren 100 mendiko lista bat egin genuen, lurralde hauetan horrela banatuz, 20 Araban, 20 Bizkaian, 10 Iparraldean, 20 Gipuzkoa eta 30 Nafarroan. Mugetan daudenak, lurralde batean edo bestean ipiniz; taldea zabalik egongo da nahi duenak parte har dezan; garraio publikoa ezin denean erabili, autoak txandaka jarriko ditugu eta gasolina denon artean ordainduko da”.