[KIROL AGENDA] Eibar FT-k Mallorca hartuko du bihar eguerdian Ipuruan

[KIROL AGENDA] Eibar FT-k Mallorca hartuko du bihar eguerdian Ipuruan
2020/03/06 eta kitto!
FOBALLEAN, Ligako azken postuak saihesteko borrokan Mendilibarren taldeak oso partidu garrantzitsua jokatuko du bihar Ipuruan, 13:00etan hasita jaitsiera postuak markatzen dituen Mallorca izango du aurkari-eta. 2. Mailan jokatzen duen emakumezkoen taldeak atsedena du asteburu honetan eta Euskal Ligan jokatzen duen bigarren taldeak Leioan jokatuko du etzi 18:00etan. Gizonezkoen foballera bueltatuz, 3. Mailako Vitoriak Santurtzi hartuko du Unben bihar 16:00etan eta, Erregionaletara pasatuz, Ohorezko Erregionalean jokatzen duen Eibar Urkok Mutrikun du erronka bihar 17:00etan. 1. Erregional Mailako igoera fasean, azkenik, Eibartarrak taldeak etxean jokatuko du Zestoaren aurka (bihar, 18:00etan) eta Urki Bergarara joango da, han ordubete lehenago hasiko den neurketari aurre egiteko.

ESKUBALOIAN, Somos Eibar gure ordezkari nagusienak Zaragozan jokatuko du bihar, arratsaldeko 18:30ean hasita, Dominicosen aurkako partidua: Aragoikoek eibartarrek baino bi puntu gehiago dituzte eta Fernandoren mutilek aurkariak sailkapenean harrapatzen ahaleginduko dira. Gipuzkoako 1. Mailan jokatzen duten senior mailako beste bi taldeek ere bihar jokatuko dituzte euren partiduak: gizonezkoen taldeak Aritzbatalde hartuko du Ipuruan 16:45ean, emakumezkoena Lezora joango den bitartean, Munttarperi aurre egiteko (18:30ean).

ERRUGBIAN, senior mailako gure herriko talde nagusiek kanpoan jokatu beharko dituzte euren partiduak asteburu honetan. Ohorezko B Mailari eusteko borrokan, gizonezkoen taldea derrigortuta dago Oviedon irabaztera, Real Oviedo azken sailkatuarekin bihar 16:00etan izango duen norgehiagokan. Emakumezkoen taldeak, bestalde, orain arteko neurketa zailena izango du Valentzian etzi goizean, 11:00etatik aurrera, sailkapenaren gorengoan puntu bakarrera jarraitzen dion Les Abelles taldearen aurka.

SASKIBALOIAN, Avia Eibarrek Andoaingo Zurrut jasoko du bihar Ipurua kiroldegian, ohi bezala, 18:15ean hasiko den norgehiagokan. Eibartarrek beharrezkoa dute garaipena goiko postuetara heltzeko.

WATERPOLOAN, neurketa ezin interesgarriagoa izango da gaur Orbeako igerilekuan, tartean Euskal Herriko Ligaren lidergoa jokoan dela. Emakumezkoen Urbatek eurekin sailkapenaren gorenean berdinduta dagoen Bidasoa XXI hartuko dute: ikaragarri dabil Eibarko taldea, baina ez du erraz izango irundarrak menperatzea. Partidua gaueko 21:45ean hasiko da. Gizonezkoen taldeak lidergoari eutsi nahiko dio Iruñan Larrainaren aurka domeka eguerdian, 13:30etik aurrera, jokatu beharreko partiduan.

KIROL AGENDAN asteburuko partidu eta ordutegi guztiak ikusi dezakezue.