Partidu garrantzitsuak Eibarko foball talde nagusientzat domeka eguerdian

Partidu garrantzitsuak Eibarko foball talde nagusientzat domeka eguerdian
2020/01/31 eta kitto!
1. Mailako gizonezkoen taldeak Betis hartuko du Ipuruan, domekan, arratsaldeko 14:00etan eta 2. Mailako emakumezkoenak Alaves jasoko du Unben bi ordu lehenago, eguerdiko 12:00etan. Azken hauentzat neurketan jokoan izango diren puntuak garrantzitsuak dira oso maila igotzeari begira eta, Mendilibarren mutilen kasuan, ez dute garrantzi gutxiago jaitsiera postuetatik gehiago urruntzeko lehian. Emakumezkoen Euskal Ligako partiduan, Eibar B-k Lakua hartuko du zapatuan 16:00etan, Erregional Ohorezko Mailan Eibar Urkok Ordizia jasoko du domekan 12:30ean eta Urkik Ordiziaren bisita izango du zapatuan 18:00etan igoera faseko lehen jardunaldian. Fase horretan bertan Eibartarrak taldeak Azkoitian jokatuko du, Anaitasunaren aurka, bihar 16:30ean eta, 3. Mailako norgehiagokan, Vitoria Beasainera joango da, 17:00etan jokatzeko.
ERRUGBIAN ere garrantzi handiko jardunaldiaren aurrean gaude: Ohorezko B Mailako gizonezkoen taldeak Unben izango du erronka bihar 16:00etan, Avileseko Belenos bisitari duela eta emakumezkoenak Katalunian jokatuko du, San Cugat-en aurka, etzi 12:00etan. Euskadiko Erregionalean jokatzen duen gizonezkoen bigarren taldeak Unben jokatuko du egun eta ordu berean (etzi, 12:00) , La Unicaren kontra.
WATERPOLOAN, Euskal Herriko 1. Mailako ligara bueltatuta, Kopa irabazi berri duen gizonezkoen taldeak Leioa WLB hartuko du gaur bertan Orbeako igerilekuan 21:45etik aurrera jokatuko den norgehiagokan; emakumezkoen taldeak, berriz, Irunen Bidasoa XXI aurkari izango du bihar 20:30ean.
ESKUBALOIAN, Eibar Eskubaloiko senior mailako hiru taldeek kanpoan jokatuko dute oraingoan, hirurak ere zapatuan: 1. Nazional Mailako Somosek Zaragozan El Pilar Maristasen kontra (19:45), eta Gipuzkoako 1. Mailako biek Errenterian emakumezkoen kasuan (17:30) eta Soraluzen gizonezkoenean (20:00).

ASTEBURUKO KIROL AGENDAN DUZUE KARTELDEGI OSOA