Somos Eibar Eskubaloiak partidu garrantzitsua izango du bihar Ipuruan

0    Kirolak 
Ana
Somos Eibar Eskubaloiak partidu garrantzitsua izango du bihar Ipuruan
2018, Urr 11

Hirugarren jardunaldian ere ezin izan zuten Fernando Fernandezen mutilek puntuak eskuratu eta, dagoeneko, sailkapena ixten dute bihar (urriak 12), eguerdiko 12:00etan, aurkari izango duten Uharterekin batera. Ezohiko postuetan dugu Somos denboraldi honetan, aurrekoetan txarto ohituta geundelako (beti goiko postuetako lehian), baina taldea hainbeste aldatu eta gaztetzeak fase honetatik pasatzea dakar. Donostian jokatutako azken norgehiagokan taldeak aurpegia eman zuen Egiaren aurrean, baina atsedenaldira 13na berdinduta heldu ondoren, amaieran 26-20 eman zuten amore eibartarrek. Senior mailako beste bi taldeek neurketa oso parekatuak jokatu zituzten, batek irabazi eta besteak galdu, bietan ere gol batengatik: emakumezkoen Gipuzkoako txapelketan, eibartarrek 25-26 galdu zuten etxean Leizaran Lanbroarekin; eta probintziako 1. Mailan, Haritza gizonezkoen bigarren taldeak 29-30 irabazi zion Aritzbatalde Tabernari kanpoan, denboraldi honetan ere igotzeko borrokan izango dela erakutsiz.
Harrobiko taldeen artean denetarik izan zen azken jardunaldian: jubenil mailako talde biek galdu egin zuten, neskenak emaitza hobea lortzeko aukerak izan bazituen ere; kadeteetan mutilen Teknikerrek indartsu jarraitzen du, neurketa guztiak erraz irabazita Euskal Ligara bueltatzeko asmoarekin, eta nesketan Komatek bikain hasi zuen liga; infantiletan, azkenik, nesken Ametsak irabazi egin zuen eta mutilen Bossak galdu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »