Takuai, txakur-kros talde berria Eibarren

0    Kirolak 
Ekhi
Takuai, txakur-kros talde berria Eibarren
2018, Abe 04

Hainbat urtetan zehar Euskanikross Hondarribiko txakur-kros taldean edo bakarka ibili eta gero, Fabian Castro, Andoni Isusi eta Andoni Mayok txakur-kros taldea sortu dute Eibarren, Takuai Mushing Team. Taldeak argia orain ikusi badu ere, asmo handiak ditu eta Europara begira ekin dio bideari. Denboraldia hasi berri dute eta kilometro asko dituzte aurretik txakurrekin antxitxiketan egiteko.

 

Hiru lagun besterik ez dira, baina potentzial handia dauka Takuai Mushing Teamek. “Fabian eta Andoni bikain dabiltza, eta hemen inguruan txakur-krosaren inguruko zaletasuna izanda, pentsatu genuen ez dugula zertan Bilbo edo Donostia aldera joan behar kirola egiteko”, esan digu Andoni Mayok. Isasi kalean dagoen Rocket Bike dendarekin elkarlanean atera duten proiektua da eta dagoeneko ikusi daiteke euren kamiseta berria lehiaketetan.

Espainiako Kopa lehiatzen ari dira, Espainiako Txapelketa barne (asteburu batean jokatzen dena). “Gero, Mayo Euskadiko Txakur-kros Ligan (ETL) dabil batez ere, baina Errioxa, Kantabria eta inguruko herrietako txapelketetan ere ibiltzen da”, esan digu Fabian Castro 2017/18 denboraldiko ETLko txapeldunak. “Isusi eta biok Espainiakoan gaude zentratuta, eta Europako txapelketara sailkatzea dugu helburu”. Castro min hartuta dago eta ezin izan da Espainiako Kopako lehen lasterketan eta Espainiako Txapelketan lehiatu, baina Isusi ondo ibili da bietan eta Espainiako Kopako lehenengo lasterketan 5. izan zen eta Espainiako Txapelketan 7. amaitu du.

Hirukotearen maila handia bada ere, ezin da esan urte asko daramatzatenik kirol honetan. “Fabianek 3-4 urte daramatza eta nik 2-3 urte, baina Mayok gutxiago darama eta horregatik dago ETLan zentratuta”, esan digu Andoni Isusik. Esperientziak garrantzia dauka, baina baita txakurrek ere. Kirol hau egiteko txakur espezifikoak dituzte Castrok eta Isusik, baina Mayok ez. “Etxeko beagle arrazako txakurrarekin lehiatzen naiz eta, berarekin ezin dudanez helburu handirik eduki, afizio moduan hartzen dut”, dio Mayok. “Edozein txakurrekin lehiatu daiteke, baina egia da sailkapenaren goialdean egotea nahi baduzu, txakur-kroserako espezifikoa den txakurra eduki behar duzula”, azpimarratzen digu Castrok.

 

Txakurra eta kirolaria bat

Txakurraren eta kirolariaren arteko harremana berezia izan ohi da txakur-krosean, bien arteko konbinazioak ematen duelako azken emaitza. Lehiakide bakoitzak bere txakurrak izan ohi ditu, baina Isusi Castroren txakurrarekin lehiatu da azken lasterketetan. “Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta oso ondo ezagutzen dute elkar”, dio Castrok. “Ezezagun batekin, ordea, baliteke txakurrak tiratu nahi ez izatea”.

Tenperatura kontuagatik negu aldean izaten dira txakur-kros txapelketak, txakurrek gehiegi sufritzen dutelako 16º baino gehiagorekin. Izan ere, txakurrak ondo zaintzea berebiziko kontua da txakur-krosean. Lasterketa bakoitzean albaitariak egoten dira, ezin zaio jo azkarrago joateko eta, nahiz eta lehiakide batzuek txakurrak lehiaketetarako bakarrik erabili, Takuaik ez du filosofia horrekin bat egiten. “Gure txakurrak gure maskotak dira”, Mayoren berbetan.

 

Talde irekia, baina konpromezuarekin

Takuai Mushing Team talde irekia da, baina hirukoteak konpromezua eskatzen die izena-eman nahi dutenei. “Talde serioa izatea nahi dugu, ez hainbeste mailari dagokionez, baina bai txapelketetara joateko konpromisoarengatik”, dio Castrok. Pistan, mendian edo Aixolako presan ibiltzen dira entrenatzen, txakurrari lotuta edo solte. Eta fisikoki prestatzeaz gain, ondo pasatzea dute helburu, “txakurrek batez ere”, Castrok dioenez.

Txakur-krosa probatu nahi duenak takuamushing@gmail.com helbidera idatzi edo taldeak Facebook eta Instagramen dituen orrialdeetara jo dezake.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »