Urbat waterpolo taldeko Miren Urizar Errusian dago Europako kadete mailako txapelketan parte hartzen

Urbat waterpolo taldeko Miren Urizar Errusian dago Europako kadete mailako txapelketan parte hartzen
2019/07/10 eta kitto!
Hilaren 7tik domekara arte Errusiako Kilishi hirian jokatzen ari den Europako kadete mailako txapelketan parte hartzen dihardu Miren Urizar Urbateko jokalariak Espainiako selekzioarekin. Adinez oraindik infantil mailakoa den Urizar, gainera, Euskal Herriko lehenengo jokalaria da Espainiako selekzioarekin nazioarteko txapelketa batera deitzen dutena.  HEMEN DAUKAZUE Miren Urizarri ...eta kitto! astekarian maiatzean egin genion elkarrizketa).
Berri horrek borobiltzen du Eibarko taldeak egindako denboraldia, ia talde guztiak sailkapenaren hiru onenen artean geratu direlako: seniorretan, gizonezkoen taldeak Euskal Herriko 1. mailako Liga eta Euskal Herriko Kopa irabazi ditu eta emakumezkoen taldea hirugarren sailkatu da Ligan eta txapeldun-ordea izan da Kopan, talde biak Espainiako txapelketarako sailkatzeaz gain; jubeniletan, mutilen zein nesken, talde biek, bigarren geratu dira euren Ligetan eta Espainiako txapelketarako sailkatzea lortu dute; infantil mailako taldea hirugarren sailkatu da Ligan, bigarrenaren puntu berekin; eta alebin taldeak Gipuzkoako Kopa irabazi du. Urbateko prestatzaileek diotenez, “hiru txapelketa, beste hainbeste txapelketa-orde eta lau parte-hartze Espainiako txapelketekin ez dago beste kluberik Madril edo Bartzelonatik kanpo, horrelako lorpenetarako kirol-instalazioak eta jokalari kopurua beste inon ez dugulako”. Gonbitea ere egiten dute, “umeren batek waterpoloa frogatu nahi badu, irailetik aurrera Orbea kiroldegian izango gaitu-eta”.