Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga): “Kulturari ekarpenik handiena sortzaile eta kulturazaleek egiten diote”

Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga): “Kulturari ekarpenik handiena sortzaile eta kulturazaleek egiten diote”
ETA KITTO 2022, Abe 08

Normaltasun egoera berreskuratuko du aurten Durangoko Azokak, eta horren nondik norakoak azaldu ditu Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutiak.

Bi urteren ondoren, betiko formatua berreskuratuko du azokak. Pozik?
Bai, jakina. Azokarentzat urte zailak izan dira, gizarte osoarentzat izan diren moduan. Sasoi nahasiotan guztiok daukagu gauzak bere onera etorriko diren ametsa. Baina, susmoa dut, aurrerantzean dena izango dela gero eta desberdinagoa.

Zer eskainiko du aurten azokak?
Azoka barruko espazioaren antolamenduan aldaketa batzuk egin ditugu, liburuak eta musika bereiztuta. Apalategi bat ere montatuko dugu, euskarazko liburu berriak eskuartean hartu eta kontsultatzeko. Diskoen kasuan, QR kode bidez disko bakoitzeko kanta bat entzuteko aukera egongo da. Gauza gehiago ere bai, 250 aurkezpenetik gora gune eta hainbat diziplinatan eta abar. Onena bertara etorri eta norberak ikustea da.

Zein da Durangoko Azokak euskal kulturari egiten dion ekarpena?
Kulturari ekarpenik handiena sortzaileek eta kulturazaleek egiten diote. Azokaren lana da harreman hori indartzea, batzuei bere lana erakusteko plaza emanez eta besteei bila aritzeko bidea erakutsiz. Azokak egiten duen lan hori berori egiten dute urtean zehar hainbat eragilek. Dena den, ez naiz oso oker ibiliko esaten badut euskal kulturaren agerraldi handienetarikoa dela Azoka, eta hori ekarpen handia da, euskal kultura existitzen den froga garbia delako eta euskal kultura badela defendatzen dugunok indarrez betetzen gaituelako.

Pandemiak kulturgintza jipoitu zuen. Bi urteko etenaldi horri eman al zaio buelta?
Ez nuke esango euskal kulturaren arazorik handiena pandemiaren jipoia denik. Benetako arazoa da ez garela nahikoa kulturazale kultur-ekosistema osasuntsu bat mantentzeko. Horri ez badiogu heltzen bere ertz guztietatik, jai daukagu.

Datuen arabera, papera izugarri garestitu da, liburuak ez dira irakurtzen, diskoak ez dira saltzen… badirudi gauza asko kontra dituela Durangoko Azokak. Zein espektatiba duzue aurtengorako?
Ertz asko ikutu dituzu galdera bakarrean. Paperaren garestitzea bizitzaren garestitzearekin lotu behar da, eta erosahalmena jaisten denean badakigu kultura izaten dela kaltetuenetako bat. Diskoak ez saltzea digitalizazioarekin ere lotu behar da. Digitalizazioak gauza onak ekarri ditu, musikagintza “demokratizatu” egin du, autoekozipena sustatu du, bide berriak zabaldu ditu. Baina, aldi berean, euskarri fisikoa desgertzeko bidean jarri du eta, horrekin batera, sortzailearentzako diru-sarrerak. Bistan da arazoak asko direla eta Azokak berak bakarrik ez diela irtenbiderik emango guztiei. Uste dut asko hausnartu eta pausoak adostu behar direla eragileen artean, eta horrek eskatzen du hausnarketa zintzoak egitea eta eskuzabaltasunez jokatzea.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
Etorkizunari baikortasunez begiratu behar zaio beti. Ez gaitezen autobetetako profezia batean jausi. Euskal kulturak egiturazko arazoak ditu, baina lanean gogoz ari den balio handiko jende pila bat ere bai. Nik neuk horri heltzen diot. Aurtengo Azoka behintzat ederra izango da, eta datozenak ederragoak izan daitezen lanean jarraituko dugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »